Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 25:10-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. Paulok erantzun zion:—Enperadorearen auzi-mahai aurrean nago; hementxe behar dut izan epaitua. Nik ez diet juduei batere kalterik egin, zeuk ere ongi dakizun bezala.

11. Benetan errudun baldin banaiz eta heriotza merezi duen zerbait egin badut, ez diot heriotzari uko egingo. Baina nire kontra egiten dituzten salakuntzek funtsik ez badute, ez du inork eskubiderik ni horien eskuetara emateko. Enperadoreagana jotzen dut!

12. Festok, kontseilukoekin hitz egin ondoren, erantzun zion:—Enperadoreagana jo duzu, enperadoreagana joango zara.

13. Handik zenbait egunen buruan, Agripa erregea eta Berenize iritsi ziren Zesareara, Festo agurtzera.

14. Eta egun asko egin baitzituzten han, Festok Pauloren arazoaren berri eman zion erregeari, esanez: «Badut hemen Felixek preso utzi zuen gizon bat.

15. Jerusalemera joan nintzenean, juduen apaizburu eta zaharrak beraren aurka auzia jartzera etorri zitzaizkidan, kondenatzeko eskatuz.

16. Nik erantzun nien, erromatarren artean ez dela ohitura inor errudun jotzea, lehenbizi bere salatzaileekin aurrez aurre hizketatu gabe, eta leporatzen zaionari buruz defendatzeko aukera eman gabe.

17. Beraz, nirekin Zesareara etorri ziren haiek eta, hurrengo egunean, batere luzapenik gabe, auzi-mahaian eseri nintzen eta gizon hori ekartzeko agindu nuen.

18. Baina salatzaileak aurkeztu zirenean, ez zioten nik uste nuen okerrik batere leporatu.

19. Beren erlijioari buruzko gorabeherak baino ez zituzten, eta hila den eta Paulok bizi dela dioen Jesus izeneko bati buruzkoak bereziki.

20. Nik ez bainekien auzi hura nondik nora eraman, Jerusalemera joan nahi al zuen galdetu nion, han epai zezaten.

21. Baina Paulok gora jo zuen, auzia enperadore jaunak erabaki zezala eskatuz; beraz, kartzelan zain zezatela agindu nuen, enperadoreagana bidali arte».

22. Agripak esan zion Festori:—Neuk ere gustura entzungo nioke gizon horri.—Bihar entzungo diozu —erantzun zion Festok.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 25