Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 25:1-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Festo, bere probintziako kargua hartzera etorri eta handik hiru egunera, Zesareatik Jerusalemera igo zen.

2. Berehala aurkeztu zitzaizkion apaizburuak eta judu handikiak, Paulo salatzera.

3. Mesede bat eskatu zioten arrenka: Paulo Jerusalemera ekar zezala, bidean zelata jartzea pentsatua baitzuten hura garbitzeko.

4. Baina Festok erantzun zien Paulok Zesarean egon behar zuela preso eta bera ere laster zihoala hara.

5. «Beraz —esan zien—, zuen artean aginterik dutenak betoz nirekin Zesareara eta, gizon honek errurik badu, sala bezate».

6. Festok ez zuen Jerusalemen zortzi/hamarren bat egun besterik egin, eta gero Zesareara jaitsi zen. Hurrengo egunean, auzi-mahaian eseri eta Paulo ekartzeko agindu zuen.

7. Paulo azaldu zenean, Jerusalemdik jaitsitako juduek erdian hartu zuten, frogatu ezineko salaketa asko eta handiak eginez.

8. Paulok honela zioen bere buruaren alde:—Ez naiz errudun, ez juduen legearen kontra, ez tenpluaren kontra, ezta enperadorearen kontra ere.

9. Festok, juduei atsegin ematearren, galdetu zion Paulori:—Nahi al duzu Jerusalemera joan, zure arazoa han epai dezadan?

10. Paulok erantzun zion:—Enperadorearen auzi-mahai aurrean nago; hementxe behar dut izan epaitua. Nik ez diet juduei batere kalterik egin, zeuk ere ongi dakizun bezala.

11. Benetan errudun baldin banaiz eta heriotza merezi duen zerbait egin badut, ez diot heriotzari uko egingo. Baina nire kontra egiten dituzten salakuntzek funtsik ez badute, ez du inork eskubiderik ni horien eskuetara emateko. Enperadoreagana jotzen dut!

12. Festok, kontseilukoekin hitz egin ondoren, erantzun zion:—Enperadoreagana jo duzu, enperadoreagana joango zara.

13. Handik zenbait egunen buruan, Agripa erregea eta Berenize iritsi ziren Zesareara, Festo agurtzera.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 25