Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 22:22-30 Elizen Arteko Biblia (EAB)

22. Hau esan arte adi-adi egon zitzaizkion juduak, baina une hartan oihuka hasi ziren: «Garbitu hori lur gainetik! Ez du bizitzerik merezi!»

23. Haiek oihuka, jantziak astinduz eta hautsa airera botaz jarraitzen zutenez,

24. gudalburuak Paulo kuartelera sartu zuen. Eta zigorkatzeko agindu zuen, jendea haren kontra oihuka zergatik ari zen aitorrarazteko.

25. Zigorkatzeko lotzen zuten bitartean, Paulok esan zion bertan zegoen ehuntariari:—Ba al duzue eskubiderik Erromako hiritar bat epaitu gabe zigorkatzeko?

26. Hitz hauek entzutean, ehuntariak gudalburuari jakinarazi zion, esanez:—Begira ongi zer egiten duzun! Gizon hori Erromako hiritarra duzu.

27. Joan zitzaion gudalburua Paulori eta galdetu zion:—Erromako hiritarra al zara benetan?—Bai —erantzun zion Paulok.

28. Gudalburuak, berriro:—Nik ederki ordainduz erosi nuen hiritargo hori.—Ba, nik jaiotzez daukat —erantzun zion Paulok.

29. Mintzarazi behar ziotenek berehala alde egin zuten; gudalburua, berriz, beldurturik zegoen, Erromako hiritar bat katez lotua zuela konturatzean.

30. Biharamunean, gudalburuak, juduek Paulo zergatik salatzen zuten garbi jakin nahirik, hura askatzeko agindu zuen eta apaizburuak eta Biltzar Nagusi osoa bilarazi zituen; ondoren, Paulo ekarri eta aurrean jarri zien.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 22