Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 22:11-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Eta, argi haren distiraz itsu bainengoen, lagunek eskutik hartuta eraman ninduten Damaskora.

12. «Bazen han Ananias izeneko gizon bat; jainkozalea zen legearen arabera eta bertako judu guztien artean izen onekoa.

13. Bila etorri zitzaidan eta, hurbildurik, esan zidan: “Anaia Saulo, ikus ezazu berriro”. Eta, bat-batean, ikusi egin nuen bera.

14. Hark esan zidan: “Gure arbasoen Jainkoak hautatu zaitu, beraren nahia ezagutu, Zintzoa ikusi eta beronen ahotsa zuzen-zuzenean entzun dezazun.

15. Ikusi eta entzun duzunaren lekuko izango baitzaitu hark gizon-emakume guztien aurrean.

16. Zertan luzatu, beraz? Bataia zaitez eta garbitu zeure bekatuetatik, Jaunari dei eginez”.

17. «Jerusalemera itzuli nintzen eta, tenpluan otoitzean ari nintzela, goi-ikuskari bat izan nuen.

18. Jauna ikusi nuen eta esan zidan: “Atera zaitez Jerusalemdik ahal duzun lasterren, ez baitute onartuko nitaz egingo duzun testigantza”.

19. Nik erantzun nion: “Jauna, baina denek dakite ni sinagogaz sinagoga zuregan sinesten zutenak kartzelatzen eta zigortzen ibili nintzela.

20. Eta Esteban zure lekukoa hil zutenean ere, hantxe nintzen ni, hura guztia ontzat ematen eta hiltzaileen jantziak gordetzen”.

21. Baina Jaunak esan zidan: “Zoaz, urrutira bidaltzen baitzaitut, jentil-herrietara” ».

22. Hau esan arte adi-adi egon zitzaizkion juduak, baina une hartan oihuka hasi ziren: «Garbitu hori lur gainetik! Ez du bizitzerik merezi!»

Irakurri kapitulu osoa Eginak 22