1. «Ene senide eta gurasook, entzun ezazue neure buruaren alde esatera noakizuena».
2. Hebreeraz hitz egiten entzutean, are isilago gelditu zen jendea. Paulok jarraitu zuen:
3. «Ni judua naiz, Ziliziako Tarson jaioa, baina hiri honetan hezia eta, Gamalielen ikasle bezala, gure arbasoen legean arretaz eskolatua; jainkozale sutsua nintzen, gaur zuek guztiok zareten bezala.
4. Hil beharrez eraso izan diot kristau-bide honi, gizon eta emakumeak atxilotu eta kartzelan sartuz.
5. Apaiz nagusiak eta herriko zahar guztiek aitor dezakete hau; izan ere, beraiek eman zizkidaten Damaskoko senideentzat gutunak eta hara jo nuen, aurkitzen nituenak Jerusalemera preso ekartzeko, zigor zitzaten.
6. «Banindoan, beraz, eta, Damaskora hurbildua nintzela, eguerdi aldera, bat-batean zerutiko argi bizi batek distiraz inguratu ninduen.
7. Lurrera erori nintzen, eta mintzo hau entzun nuen: “Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu?”
8. “Nor zaitut, Jauna?” galdetu nuen nik. Eta erantzun zidan: “Jesus Nazaretarra naiz, zuk pertsegitzen duzuna”.
9. Nire lagunek argia, bai, ikusi zuten, baina ez zuten entzun mintzo zitzaidanaren ahotsik.