Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 22:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. «Ene senide eta gurasook, entzun ezazue neure buruaren alde esatera noakizuena».

2. Hebreeraz hitz egiten entzutean, are isilago gelditu zen jendea. Paulok jarraitu zuen:

3. «Ni judua naiz, Ziliziako Tarson jaioa, baina hiri honetan hezia eta, Gamalielen ikasle bezala, gure arbasoen legean arretaz eskolatua; jainkozale sutsua nintzen, gaur zuek guztiok zareten bezala.

4. Hil beharrez eraso izan diot kristau-bide honi, gizon eta emakumeak atxilotu eta kartzelan sartuz.

5. Apaiz nagusiak eta herriko zahar guztiek aitor dezakete hau; izan ere, beraiek eman zizkidaten Damaskoko senideentzat gutunak eta hara jo nuen, aurkitzen nituenak Jerusalemera preso ekartzeko, zigor zitzaten.

6. «Banindoan, beraz, eta, Damaskora hurbildua nintzela, eguerdi aldera, bat-batean zerutiko argi bizi batek distiraz inguratu ninduen.

7. Lurrera erori nintzen, eta mintzo hau entzun nuen: “Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu?”

8. “Nor zaitut, Jauna?” galdetu nuen nik. Eta erantzun zidan: “Jesus Nazaretarra naiz, zuk pertsegitzen duzuna”.

9. Nire lagunek argia, bai, ikusi zuten, baina ez zuten entzun mintzo zitzaidanaren ahotsik.

10. Nik galdetu nuen: “Zer egin behar dut, Jauna?” Eta Jaunak erantzun: “Jaiki, zoaz Damaskora, eta han esango dizute Jainkoak zuretzat ezarria daukan egiteko guztia”.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 22