Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 21:14-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Ezin baikenion hura burutik kendu, bere hartan utzi genuen, esanez: «Egin bedi Jaunaren nahia».

15. Handik egun batzuetara, biderakoak prestatu eta Jerusalemerako bidean gora ekin genion.

16. Zesareako ikasle batzuk ere etorri ziren gurekin eta lehen garaietako ikaslea zen Nason Zipretarraren etxera lagundu ziguten, hark eman behar baitzigun ostatu.

17. Jerusalemera iritsi ginenean, senideek oso harrera ona egin ziguten.

18. Biharamunean, Santiagoren etxera joan ginen Paulo eta gainerakook; han zeuden bilduak arduradun guztiak ere.

19. Paulok, haiei agurra egin ondoren, Jainkoak beraren bitartez jentilen artean egindako guztia xeheki kontatu zien.

20. Haiek, entzutean, Jainkoa goretsi zuten; gero, Paulori esan zioten: «Anaia, ikusten duzu zenbat milaka judu egin diren fededun, baina denak legezale sutsuak dira.

21. Eta zera jakin dute zutaz: jentilen artean bizi diren juduei Moisesengandik aldentzeko irakasten diezula, semerik ez erdaintzeko eta usadiorik ez gordetzeko esanez.

22. Zer egin, bada? Nolanahi ere, jakingo dute hemen zarela.

23. Horregatik, egizu gure esana: baditugu hemen boto bat bete behar duten lau gizon.

24. Har itzazu zeurekin, egin garbikuntza beraiekin batera eta ordaindu zeuk haiek botoa betetzeko behar dutena; horrela, ilea moztu ahal izango dute, eta jende guztiak ikusiko du ez dela egia zutaz esan zitzaiena, baizik eta zintzoki betetzen duzula legea zuk ere.

25. Fededun egin diren jentilei dagokienez, berriz, geure erabakiak idatziz eman genizkien: ez dezatela jan sasijainkoei eskainitako haragirik, ezta odolik nahiz odolustu gabeko abererik ere, eta utz ditzatela legearen kontrako sexu-harremanak».

Irakurri kapitulu osoa Eginak 21