Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 20:6-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Gu, berriz, Pazko-jaien ondoren atera ginen itsasoz Filipotik, eta bost egunen buruan bildu ginen haiekin Troaden, eta astebete egin genuen bertan.

7. Igandean ogia zatitzera bildu ginen. Paulo ikasleei hitz egiten hasi zitzaien eta, biharamunean joan behar baitzuen, gauerdia arte jardun zuen hizketan.

8. Bazen kriseilurik asko gu bildurik geunden goiko gela hartan.

9. Leiho-ertzean eseria zegoen Eutiko izeneko mutil gazte bat; Paulok hitzaldia amaitzen ez zuenez, logaletu egin zen mutila; azkenean, loak harturik, hirugarren solairutik behera erori zen, eta hilda jaso zuten.

10. Jaitsi zen berehala Paulo eta, harengana makurturik, besoetan hartu eta esan zuen: «Ez ikaratu! Bizirik dago!»

11. Berriro igorik, ogia zatitu eta jan egin zuen. Ondoren, egunsentia arte luzatu zuen hitzaldia; gero, joan egin zen.

12. Mutila, berriz, bizirik eraman zuten, eta lasaitu ederra hartu zuten guztiek.

13. Gu ontzia hartu eta Asorantz atera ginen, han Paulo hartzekotan, honek oinez joatea erabaki baitzuen.

14. Ason elkartu zitzaigunean, ontzian hartu genuen geurekin eta Mitilenera joan ginen.

15. Handik, biharamunean, Kio pareraino iritsi ginen itsasoz; hurrengo egunean Samosera heldu ginen, eta hurrengoan Miletora.

16. Efeson ez gelditzea erabakia zuen Paulok, Asia probintzian luzatzeko beldurrez; presaka zen, izan ere, Mendekoste-egunerako Jerusalemen egon nahi baitzuen, ahal izanez gero.

17. Miletotik mandatua bidali zuen Paulok Efesora, eliz elkarteko arduradunei dei eginez.

18. Etorri zirenean, esan zien: «Badakizue nola jokatu dudan beti zuekin, Asia probintziara iritsi nintzen lehen egunetik.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 20