Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 20:11-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Berriro igorik, ogia zatitu eta jan egin zuen. Ondoren, egunsentia arte luzatu zuen hitzaldia; gero, joan egin zen.

12. Mutila, berriz, bizirik eraman zuten, eta lasaitu ederra hartu zuten guztiek.

13. Gu ontzia hartu eta Asorantz atera ginen, han Paulo hartzekotan, honek oinez joatea erabaki baitzuen.

14. Ason elkartu zitzaigunean, ontzian hartu genuen geurekin eta Mitilenera joan ginen.

15. Handik, biharamunean, Kio pareraino iritsi ginen itsasoz; hurrengo egunean Samosera heldu ginen, eta hurrengoan Miletora.

16. Efeson ez gelditzea erabakia zuen Paulok, Asia probintzian luzatzeko beldurrez; presaka zen, izan ere, Mendekoste-egunerako Jerusalemen egon nahi baitzuen, ahal izanez gero.

17. Miletotik mandatua bidali zuen Paulok Efesora, eliz elkarteko arduradunei dei eginez.

18. Etorri zirenean, esan zien: «Badakizue nola jokatu dudan beti zuekin, Asia probintziara iritsi nintzen lehen egunetik.

19. Apaltasun osoz zerbitzatu dut Jauna eta hainbat negar egin juduen azpikeriek sortu dizkidaten probaldiak direla eta.

20. Ez dizuet zuen onerako izan zitekeen ezer ukatu; jendaurrean eta etxez etxe predikatu eta irakatsi dizuet,

21. judu nahiz greziarrei, arren Jainkoarengana bihurtzeko eta Jesus gure Jaunarengan sinesteko eskatuz.

22. «Eta orain Jerusalemera noa Espirituak beharturik, han zer gertatuko zaidan jakin gabe;

23. dakidana hauxe da: hiriz hiri, Espiritu Santuak garbi esaten didala kateak eta nekeak ditudala zain.

24. Baina biziak ez dit axola, neure ibilaldia eta Jesus Jaunak eman didan egitekoa ongi burutuz gero, hau da, berri onaren lekuko, Jainkoak digun onginahiaren lekuko, izatea.

25. «Eta orain badakit, zuen artean Jainkoaren erregetza hots egiten jardun dudan hau ez duela zuetako inork berriro ikusiko.

26. Horregatik, argi eta garbi diotsuet gaur ez dudala neure gain hartzen inori gerta dakiokeenaren erantzukizunik.

27. Zeren ez baitiot inoiz uko egin J ainkoaren asmoa oso-osorik zuei adierazteari.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 20