Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 2:10-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. badira gure artean Frigia nahiz Panfiliakoak, Egipto nahiz Zirene inguruko Libia aldekoak, baita erromatarrak ere;

11. eta denok, judu eta juduberri , kretar eta arabiar, Jainkoaren egintza miragarriak geure hizkuntzetan aipatzen entzuten diegu».

12. Harriturik eta zer pentsa ez zekitela, «Zer da hau?» galdezka ari ziren elkarren artean.

13. Beste batzuek, aldiz, honela zioten isekaz: «Edanak daude».

14. Orduan, Pedrok, hamaika apostoluen artean zutik, honela hitz egin zien: «Juduok eta Jerusalemen zaudeten guztiok: entzun arretaz nire hitzak, otoi, hemen gertatzen denaz ongi jabe zaitezten.

15. Hauek ez daude edanda, zuek uste bezala, goizeko bederatziak besterik ez baitira oraindik.

16. Ez, baizik eta Joel profetak esan zuena ari da hemen gertatzen:

17. «Hau dio Jainkoak: Azken egunetan neure espiritua isuriko diet gizaki guztiei. Zuen seme-alabek profetizatu egingo dute, zuen gazteek ikuskariak izango, zuen zaharrek ametsak egingo.

18. Neure morroi eta mirabeei ere neure espiritua isuriko diet egun haietaneta profetizatu egingo dute.

19. Gauza harrigarriak egingo ditut goian, zeruan, eta mirariak behean, lurrean: odola eta sua eta ke-lainoa.

20. Eguzkia ilunpe bihurtuko da, ilargiak odol-itxura hartuko du, Jaunaren eguna, egun handi eta ospetsua, iritsi baino lehen.

21. Orduan, Jaunari dei egin diezaiona salbatuko da.

22. «Entzun hau, israeldarrok: Guztiok dakizuenez, Jainkoak Jesus Nazaretarra zuen aurrean sinesgarri egin zuen, mirariak eta egintza ahaltsu eta harrigarriak haren eskuz eginez.

23. Jainkoak zuen eskuetara eman zuen, bere asmoaren eta aurrez hartutako erabakiaren arabera, eta zuek gurutzean josi eta hil egin zenuten sinesgabeen eskuz.

24. Baina Jainkoak piztu egin zuen, Herioaren lokarrietatik askatuz, Herioak ezin baitzuen hura bere menpe eduki.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 2