Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 16:4-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Igarotzen ziren hirietan, Jerusalemgo apostoluen eta arduradunen erabakiak ematen zizkieten jakitera, bete zitzaten.

5. Eliz elkarteak fedean sendotuz eta egunetik egunera ugalduz zihoazen.

6. Gero, Paulo eta Silas Frigia eta Galazia eskualdeetan barrena joan ziren, Espiritu Santuak eragotzi egin baitzien Asia probintzian mezua zabaltzea.

7. Misiako mugara iritsi zirenean, Bitiniarantz jo nahi izan zuten, baina Jesusen Espirituak ez zien utzi.

8. Orduan, Misian zehar, Troadera jaitsi ziren.

9. Gauean Paulok ikuskari bat izan zuen: mazedoniar bat azaldu zitzaion, zutik, erreguka: «Zatoz Mazedoniara eta lagun iezaguzu!»

10. Paulok ikuskari hau izan eta berehala, Mazedoniarantz ateratzeko prestatu ginen, ziur baikeunden Jainkoak deitzen zigula haiei berri ona ematera.

11. Troaden ontzia hartu eta Samotraziara joan ginen zuzenean. Biharamunean Neapolisera iritsi ginen,

12. eta handik Filipora; Filipo Mazedonia eskualdeko hiri nagusietako bat da, erromatar kolonia. Hiri honetan eman genituen egun batzuk.

13. Larunbatean, hiritik kanpora atera eta ibai ondora joan ginen, han juduen otoizleku bat zegoela uste baikenuen. Bertan eseri eta bilduak ziren emakumeei hitz egiten hasi ginen.

14. Bazen entzuleen artean Lidia izeneko emakume bat, izatez Tiatirakoa, purpurazko oihalen saleroslea; Israelen Jainkoa gurtzen zuen. Jaunak barrutik eragin zion, Pauloren hitzak gogoz onar zitzan.

15. Eta, bera eta beraren familia guztia bataiatu zirelarik, erregu hau egin zigun: «Jaunarengan egiaz sinesten dudala irizten badiozue, hartzazue ostatu, arren, nire etxean». Eta bere eskaintza onartzera behartu gintuen.

16. Otoizlekura gindoazen batean, neskatxa bat atera zitzaigun bidera: geroa igartzeko ahalmena ematen zion espiritu batek hartua zen, eta bere igarpenen bidez irabazi ederra ematen zien nagusiei.

17. Neskatxa Pauloren eta gure atzetik zetorren, deiadarka: «Gizon hauek goi-goiko Jainkoaren zerbitzariak dira, eta salbamen-bidea iragartzen dizuete».

18. Egun askotan egin zuen gauza bera, eta azkenean Paulok, gogaiturik, espirituari aurre egin zion, esanez: «Jesu Kristoren izenean, atera hadi emakume honengandik». Eta atera egin zen bat-batean.

19. Neskatxaren nagusiek, beren irabazpidea bukatzen zitzaiela ikustean, Paulori eta Silasi eskua bota eta hiriko plazara eraman zituzten agintariengana,

20. eta epaileen aurrean salatu, esanez: «Gizon hauek gure herria asaldatzen ari dira: juduak dira,

21. eta guk, erromatarrok, ontzat eman eta jarraitu ezin ditugun ohiturak irakasten dituzte».

22. Jendea haien aurka altxatu zen, eta epaileek jantziak kendu eta zigorkatzeko agindu zuten.

23. Ongi egurtu ondoren, kartzelara bota zituzten, kartzelazainari arduraz zaintzeko aginduz.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 16