14. Bazen entzuleen artean Lidia izeneko emakume bat, izatez Tiatirakoa, purpurazko oihalen saleroslea; Israelen Jainkoa gurtzen zuen. Jaunak barrutik eragin zion, Pauloren hitzak gogoz onar zitzan.
15. Eta, bera eta beraren familia guztia bataiatu zirelarik, erregu hau egin zigun: «Jaunarengan egiaz sinesten dudala irizten badiozue, hartzazue ostatu, arren, nire etxean». Eta bere eskaintza onartzera behartu gintuen.
16. Otoizlekura gindoazen batean, neskatxa bat atera zitzaigun bidera: geroa igartzeko ahalmena ematen zion espiritu batek hartua zen, eta bere igarpenen bidez irabazi ederra ematen zien nagusiei.
17. Neskatxa Pauloren eta gure atzetik zetorren, deiadarka: «Gizon hauek goi-goiko Jainkoaren zerbitzariak dira, eta salbamen-bidea iragartzen dizuete».
18. Egun askotan egin zuen gauza bera, eta azkenean Paulok, gogaiturik, espirituari aurre egin zion, esanez: «Jesu Kristoren izenean, atera hadi emakume honengandik». Eta atera egin zen bat-batean.
19. Neskatxaren nagusiek, beren irabazpidea bukatzen zitzaiela ikustean, Paulori eta Silasi eskua bota eta hiriko plazara eraman zituzten agintariengana,
20. eta epaileen aurrean salatu, esanez: «Gizon hauek gure herria asaldatzen ari dira: juduak dira,
21. eta guk, erromatarrok, ontzat eman eta jarraitu ezin ditugun ohiturak irakasten dituzte».
22. Jendea haien aurka altxatu zen, eta epaileek jantziak kendu eta zigorkatzeko agindu zuten.