Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 15:3-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Antiokiako eliz elkarteak biderako beharrezkoak eman zizkien. Fenizia eta Samarian barrena igarotzean, jentilak ere konbertitzen ari zirela jakinarazten zieten senideei, horrela, guztiei poz handia emanez.

4. Jerusalemera iritsi zirenean, eliz elkarteak, apostoluek eta arduradunek harrera ona egin zieten, eta Jainkoak beraien bidez egindako guztiaren berri eman zieten.

5. Baina sinestedun egindako fariseuen alderdiko batzuk atera ziren, esanez jentilak ere erdaindu egin behar zirela eta Moisesen legea betetzera behartu.

6. Orduan, apostoluak eta arduradunak arazo hau aztertzeko bildu ziren.

7. Eztabaida luzearen ondoren, zutitu zen Pedro eta esan zuen: «Anaiok, dakizuenez, aspaldi aukeratu ninduen Jainkoak zuen artetik, jentilek nire ahotik berri onaren mezua entzun zezaten eta sinetsi.

8. Eta bihotz-barrua ezagutzen duen Jainkoak onartzen dituela azaldu du, haiei ere guri bezala Espiritu Santua emanez.

9. Haien eta gure artean inolako bereizketarik egin gabe, garbi egin ditu haien bihotzak fedearen bidez.

10. Horrela, bada, zergatik tentatzen duzue orain Jainkoa, gure gurasoek eta guk ere ezin eraman izan dugun uztarria ikasle horiei leporatzen saiatuz?

11. Ez horixe! Uste dugu Jesus Jaunaren onginahiari esker salbatzen gaituela Jainkoak, bai gu eta bai jentilak».

12. Biltzar guztia isildu egin zen Paulori eta Bernaberi entzuteko, eta hauek Jainkoak beraien bitartez jentilen artean egindako mirari eta egintza harrigarriak kontatu zituzten.

13. Bukatu zutenean, Santiagok hitza hartu eta esan zuen: «Entzun, anaiok:

14. Simonek azaldu digu, nola hasiera-hasieratik Jainkoak jentilen artetik beretzat herri bat aukeratu nahi izan duen.

15. Hau bat dator profeten esanekin, Liburu Santuak dioen bezala:

16. «Ondoren, itzuli egingo naiz eta Daviden etxola eroria berreraikiko dut; horma hondatuak berreraikiko dizkiot, eta zutik jarriko dut berriro;

17. gainerako gizakiek Jauna bila dezaten, nireak diren nazio guztiek. Hala diot nik, Jaunak, hori guztia

18. antzinatik jakinarazi duenak.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 15