Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 15:23-41 Elizen Arteko Biblia (EAB)

23. eta gutun hau eman zieten eramateko:«Anaia apostoluek eta arduradunek Antiokiako, Siriako eta Ziliziako jentil-herrietako senideoi, agur!

24. «Gutakoren batzuek, guk agindu gabe, beren esanez kezkatu eta nahastu zaituztela jakin dugu.

25. Horregatik, ordezkari batzuk hautatzea erabaki dugu aho batez, eta zuengana bidaltzea Bernabe eta Paulo geure senide maiteekin,

26. beren bizitzak Jesu Kristo gure Jaunaren zerbitzuan eman dituzten horiekin.

27. Hor bidaltzen dizkizuegu, bada, Judas eta Silas, gauza bera ahoz jakinaraz diezazueten.

28. Hau da Espiritu Santuak eta guk erabaki duguna: zuei zamarik ez ezartzea, behar-beharrezko diren hauek izan ezik:

29. ez dezazuela jan sasijainkoei eskainitako haragirik, ezta odolik nahiz odolustu gabeko abererik ere, eta utz ditzazuela legearen kontrako sexu-harremanak. Ongi egingo duzue horrelakoetatik alde egiten baduzue. Ondo izan!»

30. Bidaliak, beraz, Antiokiara jaitsi ziren eta, biltzarra bildurik, gutuna eman zieten.

31. Hau irakurtzean, poz-pozik gelditu ziren hitz adoregarri haiekin.

32. Judas eta Silasek, profeta baitziren, luze eta zabal hitz egin zuten senideekin, hauek adoretuz eta gogoberotuz.

33. Denboraldi bat egin zuten han, eta bidali zituztenengana itzuli ziren senideen bake-agurrarekin. (

34. ).

35. Paulo eta Bernabe, berriz, Antiokian gelditu ziren, beste askorekin batera Jaunaren mezuaren berri ona irakasten eta azaltzen.

36. Handik aldi batera, Paulok esan zion Bernaberi: «Goazen berriro Jaunaren mezua aldarrikatu genuen hiri haietara, senideak nola dauden ikustera».

37. Bernabek berekin eraman nahi zuen Joan Markos ere.

38. Baina Paulok, Panfilian alde egin eta lanean lagundu ez zien gizona berriro berekin hartzea ez zuen ongi ikusten.

39. Biziki haserretu ziren biak, eta nor bere aldetik joan zen. Bernabek Markos hartu zuen eta Ziprera atera zen itsasoz;

40. Paulok, aldiz, Silas aukeratu zuen eta, senideek Jaunaren onginahiari gomendatu ziotelarik, atera egin zen.

41. Sirian eta Zilizian barrena joan zen, eliz elkarteak gogoberotuz.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 15