Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 14:1-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Ikonion ere, Paulo eta Bernabe juduen sinagogan sartu ziren eta, hain ongi hitz egin zutenez, judu eta greziar askok sinetsi zuen.

2. Baina sinetsi ez zuten juduek jentilak zirikatu zituzten eta senideen aurka gogo-gaiztotu.

3. Hala eta guztiz ere, Paulo eta Bernabe luzaroan egon ziren bertan, Jaunari buruz ausarki hitz eginez; eta Jaunak, mirariak eta egintza harrigarriak egiteko dohaina haiei emanez, bere onginahiari buruzko mezua baiesten zuen.

4. Hiriko jendea bi aldetara jarri zen, batzuk juduen alde eta besteak apostoluen alde.

5. Halako batean, ordea, jentilek eta juduek, agintariekin batera, gogorrera jo eta apostoluak harrika hiltzea erabaki zuten;

6. baina Paulok eta Bernabek, horretaz jabeturik, Likaoniako Listra eta Derbe herrixka eta inguruetara ihes egin zuten,

7. eta han ere berri ona zabaltzen jardun zuten.

8. Bazen Listran oinak elbarri zituen gizon bat; sekula oinez ibili gabea zen, jaiotzatik baitzegoen elbarri.

9. Paulori entzuten zegoen batean, Paulo begira-begira jarri zitzaion eta, sendatzeko adinako fedea bazuela ikusirik,

10. oihu handiz esan zion: «Jarri tente oinen gainean!»Salto batean zutitu eta ibiltzen hasi zen.

11. Paulok egina ikustean, oihuka hasi zen jendea Likaoniako hizkuntzan: «Jainkoak jaitsi zaizkigu geure artera giza itxuran!»

12. Bernaberi Zeus deitzen zioten eta Paulori Hermes, hau baitzen hitz egiten zuena.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 14