Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 13:29-48 Elizen Arteko Biblia (EAB)

29. Eta Liburu Santuak hartaz zioen guztia bete zutenean, egurretik eraitsi eta hilobian ezarri zuten.

30. Baina Jainkoak piztu egin zuen hildakoen artetik.

31. Egun askotan zehar agertu zitzaien Galileatik Jerusalemera berarekin igo zirenei, eta horiek ditu orain bere testigu herriaren aurrean.

32. «Guk ere berri on hau iragartzen dizuegu: gure arbasoei egindako agintzaria,

33. guretzat, haien ondorengoontzat, bete duela Jainkoak, Jesus hildakoen artetik piztuz. Hala dago idatzia bigarren Salmoan: «Nire semea zara zu, gaur zaitut nik sortu.

34. «Eta heriotzara gehiago ez itzultzeko piztu duela hildakoen artetik, honela zuen esana Jainkoak: Davidieginiko agintzari santu eta fidagarriak beteko dizkizuet.

35. «Horregatik, beste toki batean ere honela dio: Zeure fededunaez duzu hilobian galtzen utziko.

36. «Baina David, bere aldian Jainkoak emandako egitekoa zintzoki bete ondoren, hil egin zen eta bere arbasoekin bildu; usteldu egin zen, bada, haren gorputza.

37. Jainkoak piztu duena, aldiz, ez da usteldu.

38. «Jakizue, beraz, senideok, Jesusi esker hots egiten zaizuela bekatuen barkamena; Moisesen legeaz lorrezina izan duzuen Jainkoarekiko adiskidetasuna

39. hari esker aurkitzen du sinesten duen orok.

40. Begira ongi, bada, profetak esandako hau gerta ez dakizuen:

41. «Ikusazue , harro sinesgogorrok, harri zaitezte eta desagertu betiko! Egintza harrigarri bat egingo baitut zuen egunotan, inork kontatuko balizue sinetsiko ez zenuketena».

42. Sinagogatik ateratzean, hurrengo larunbatean ere gai beraz hitz egiteko erregutu zien jendeak.

43. Batzarra banatu zenean, judu eta juduberri jainkozale asko Paulo eta Bernaberekin joan ziren; hauek Jainkoaren dohainari atxikirik irauteko adore ematen zieten beren hitzez.

44. Hurrengo larunbatean, ia hiritar guztiak bildu ziren Jaunaren mezua entzutera.

45. Jendetza hura ikusirik, juduak bekaizkeriaz bete ziren, eta irainez egiten zieten kontra Pauloren hitzei.

46. Orduan, Paulok eta Bernabek ausarki esan zuten: «Zuei adierazi behar genizuen lehenengo Jainkoaren mezua! Baina mezua baztertu eta zeuen buruak betiko bizirako gai ikusten ez dituzuenez gero, jentilengana joko dugu.

47. Honela esan baitigu Jaunak: «Nazioen argitzat ezarri zaitut, salbamena lurraren bazterreraino eraman dezazun».

48. Hori entzunik, biziki poztu ziren jentilak eta Jaunaren mezua goraipatzen zuten. Eta betiko bizirako zirenek sinetsi egin zuten.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 13