Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 13:14-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Besteak, berriz, Pergetik Pisidiako Antiokiaraino joan ziren. Eta larunbatez sinagogan sartu ziren eta eseri.

15. Legearen eta profeten irakurgaiak egin ondoren, sinagogako buruzagiek ohar hau bidali zieten: «Anaiok, herriari adore emateko zerbait esateko baldin baduzue, mintza zaitezte».

16. Jaiki zen Paulo eta, eskuaz isiltzeko keinu eginik, honela mintzatu zen: «Israeldarrok eta Israelen Jainkoa gurtzen duzuen guztiok, entzun.

17. Israel herriaren Jainkoak gure arbasoak aukeratu zituen, Egiptoko atzerrian bizi zirela herri handi bihurtu eta, ondoren, ahalmen handiz atera zituen handik.

18. Berrogeiren bat urtez eroapenez gidatu zituen basamortuan zehar

19. eta, Kanaan lurraldean zazpi nazio suntsitu ondoren, berauen lurra eman zien ondare.

20. Horretan guztian laurehun eta berrogeita hamarren bat urte igaro ziren. Ondoren, buruzagiak eman zizkien, Samuel profetaren garaia arte.

21. Orduan, erregea eskatu zuten, eta Jainkoak Saul eman zien, Kixen semea, Benjaminen leinukoa; berrogei urtez izan zen errege.

22. Gero, Saul kendu eta David jarri zuen errege, eta aitorpen hau egin zuen honetaz: “David, Jeseren semea, aurkitu dut neure gogoko gizon; nik nahi guztia egingo du honek”.

23. Hitzemana zuenez, honen ondorengotik sortu zion Jainkoak Israeli Salbatzailea, Jesus alegia.

24. Hau etorri aurretik, bihozberritzeko eta bataiatzeko hots egin zion Joan Bataiatzaileak Israel herri osoari.

25. Eta bizitzaren azken aldera, honela zioen Joanek: “Ni ez naiz zuek uste duzuena; badator nire atzetik beste bat, eta ni ez naiz inor horri oinetakoak askatzeko ere”.

26. «Senideok, Abrahamen odoleko zaretenok eta zuek, Israelen Jainkoa gurtzen duzuenok, guri bidali zaigu salbamen-mezu hau.

27. Jerusalemdarrek eta beraien agintariek ez zuten Jesus aintzat hartu eta, berau kondenatuz, larunbatero sinagogan irakurtzen dituzten profeziak bete zituzten.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 13