Itun Zaharra

Itun Berria

Efesoarrei 6:7-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Bete ezazue gogo onez zeuen zerbitzua, Jaunarentzat bezala eta ez gizakientzat.

8. Badakizue, egindako ongiaren neurrian sarituko duela bakoitza Jaunak, esklaboa nahiz librea izan.

9. Zuek ere, nagusiok, joka ezazue era berean esklaboekin, mehatxurik egin gabe; hartu kontuan haien eta zuen nagusia zeruan dagoela, eta hark ez duela bereizkeriarik egiten.

10. Bukatzeko, sendo zaitzatela Jaunak bere indar ahaltsuaz.

11. Har itzazue Jainkoak ematen dizkizuen armak, deabruaren maltzurkeriei aurre egiteko gai izan zaitezten.

12. Gure borroka, izan ere, ez da hezur-mamizko arerioen aurkakoa, goiko espiritu gaiztoen aurkakoa baizik, mundu ilun honetako aginte, ahalmen eta botereen aurkakoa.

13. Horregatik diotsuet: Hartu Jainkoak ematen dizkizuen armak, une txarrean gogor eutsi eta zailtasun guztiak, atzera egin gabe, gainditu ahal ditzazuen.

14. Zutik, beraz! Lotu gerrikotzat egia, jantzi bularrekotzat zintzotasuna

15. eta oinetakotzat bakearen berri ona zabaltzeko ardura.

16. Eduki beti besoan babeskitzat fedea, etsaiaren suzko geziak oro itzali ahal izateko.

17. Hartzazue burukotzat salbamena, eta ezpatatzat Espirituaren ezpata, hau da, Jainkoaren hitza.

18. Egin otoitz eta eskariak etengabe, Espirituaren indarrez. Egon erne, beila eginez, fededun guztien alde erreguan lehiatsu;

Irakurri kapitulu osoa Efesoarrei 6