Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6

Itun Zaharra

Itun Berria

Efesoarrei 5 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Izan zaitezte, beraz, Jainkoaren antzekoak, beraren seme-alaba maite zaretenez.

2. Bizi zaitezte maitasunean, Kristoren antzera, berak maite izan baikintuen eta bere burua gure alde eman baitzuen, Jainkoak atseginez onartzen duen oparitzat eskainiz.

3. Aipatu ere ez egin zuen artean lizunkeria edota inolako bizio eta gutiziarik, fededunei dagokienez;

4. ezta gordinkeria, kirtenkeria edota zorakeriarik ere; hori guztia ez baita itxurazkoa. Aitzitik, eman eskerrak Jainkoari.

5. Jakizue, lizun, zikin eta gutiziatsu bakar batek ere —halakoa sasijainkozalea baita— ez duela Kristoren eta Jainkoaren erreinuko ondarean parterik izango.

Jokatu argiaren partaide zaretenez

6. Ez zaitzatela inork argudio hutsalez lilura, horrexegatik pizten baita Jainkoaren haserrea errebeldeen aurka.

7. Ez izan halakoen kide.

8. Izan ere, garai batean ilunpetan bizi zineten; orain, aldiz, argitan bizi zarete, Jaunarekin bat eginik. Jokatu, beraz, argiaren partaide zaretenez;

9. argiaren fruitua onginahia, zintzotasuna eta egia oro dira.

10. Azter ezazue zer zaion Jaunari atsegin

11. eta ez hartu parte ilunpetan bizi direnen alferrikako egintzetan; sala itzazue, ordea,

12. lotsagarri baita horiek isilean egin ohi dutena aipatzea ere.

13. Baina argiak salatzen duen guztia agerian gelditzen da,

14. eta agerian gelditzen dena argi bihurtzen. Horregatik esan ohi da:Esna zaitez, lo zauden hori,jaiki hildakoen artetiketa Kristok argituko zaitu.

15. Begira, bada, arretaz, nola zabiltzaten; ez jokatu ergel, zentzuz baizik,

16. egokieraz baliatuz, garai txarrak baititugu.

17. Ez izan, beraz, burugabe, baizik eta saiatu Jaunaren nahia zein den ulertzen.

18. Ez mozkortu, ardotik nasaikeria baitator; aitzitik, bete zaitezte Espirituaz,

19. zeuen artean salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak abestuz. Kantatu eta egin gorazarre Jaunari bihotz-bihotzez,

20. gauza guztiengatik Jainko Aitari etengabe eskerrak emanez, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean.

Senar-emazteak

21. Izan zaitezte elkarren menpeko, Kristori diozuen begiruneagatik.

22. Emazteak izan daitezela beren senarren menpeko, Jaunaren menpeko bezala,

23. senarra emaztearen buru baita, Kristo Elizaren buru den bezala, bere gorputza duen Elizaren salbatzaile delarik.

24. Eliza Kristoren menpeko den bezala, izan bitez emazteak ere denetan senarren menpeko.

25. Senarrok, maita itzazue zeuen emazteak, Kristok ere Eliza maitatu eta beronen alde bere burua eman zuen bezala.

26. Bere burua eskainiz, sagaratu egin zuen Eliza, urez eta hitzaren indarrez garbituz.

27. Horrela prestatu zuen beretzat Eliza distiratsua, zikinik eta zimurrik edo antzeko deusik gabea, santu eta kutsugabea.

28. Era berean, senarrek ere beren gorputza bezalaxe maitatu behar dituzte emazteak. Emaztea maite duenak bere burua maite du.

29. Ez du inork bere gorputza gorrotatzen, baizik eta jaten eman eta zaindu egiten du, Kristok Elizarekin egiten duen bezala;

30. eta gu guztiok gorputz horren atal gara.

31. Horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio, eta biak batizango dira.

32. Handia da misterio hau, eta nik Kristori eta Elizari loturik ikusten dut.

33. Dena dela, zuetariko bakoitzak maita beza emaztea bere burua bezala, eta emazteak izan biezaio begirune senarrari.