Itun Zaharra

Itun Berria

Efesoarrei 2:8-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Dohain hutsez zarete salbatuak sinesmenaren bidez; eta hau ez dator zuengandik, baizik eta Jainkoaren emaitza da;

9. ez dator egintzetatik, inor harro ez dadin.

10. Izan ere, Jainkoak eginak gara; Kristo Jesusengan sortu gaitu, on egiten saia gaitezen, Jainkoak guretzat aurrez erabakia zuen bezala.

11. Zuei, jaiotzaz jentil zaretenoi, juduek, gorputzean egina duten erdainkuntzagatik «erdainduak» direneko horiek, «erdaingabe» deitzen zizueten. Ez ahaztu

12. lehenago ez zenutela Mesiasik, ezta parterik ere Israel herriko eskubideetan; ez zenutela zerikusirik Jainkoaren agintzari eta itunekin, eta itxaropenik gabe eta Jainkoa gabe bizi zinetela munduan.

13. Orain, berriz, Kristo Jesusenak eginik, garai batean urruti zinetenok, hurbildu egin zarete Kristoren heriotzari esker.

14. Izan ere, Kristo da gure bakea. Bat egin ditu berak bi herriak, bereizten zituen etsaigoaren hesia deseginez. Bere gorputzean

15. baliogabetu egin du legea bere agindu eta arauekin, eta bi herriekin gizadi berri bakarra sortu du bere baitan, bakeak eginez.

16. Bi herriak Jainkoarekin adiskidetu ditu eta gurutzeko heriotzaren bidez gorputz bakar batean elkartu, beraien arteko etsaigoa suntsituz.

17. Bere etorrerarekin bakearen berri ona hots egin zigun: bakea zuei, urruti zinetenoi, eta bakea hurbil zirenei.

18. Zeren bai batzuk eta bai besteok hurbil baikaitezke Aitarengana Espiritu berarengan elkarturik.

19. Ez zarete, beraz, ez arrotz, ez atzerritar, Jainkoaren herriko kide baizik eta Jainkoaren familiako,

20. apostolu eta profeten oinarri gainean eraikiak, Kristo Jesus bera giltzarri delarik.

21. Kristo Jaunarengan ongi finkaturik, eraikin osoa haziz doa, Jainkoari sagaraturiko tenplu bihurtzeraino.

22. Kristoren bitartez, eraikinaren parte zarete zuek ere besteekin batera, Espirituak eraginda Jainkoaren bizileku bihurtzeraino.

Irakurri kapitulu osoa Efesoarrei 2