Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 9:1-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jo zuen turuta bosgarren aingeruak, eta izar bat ikusi nuen zerutik lurrera eroria. Izarrari leize-zuloko giltza eman zioten,

2. eta leize-zuloa ireki zuen: kea atera zen bertatik, labe handi batetik bezala, eta keaz eguzkia eta airea ilundu egin ziren.

3. Ke artetik matxinsaltoak erori ziren lurrera, eta lurreko eskorpioiena bezalako ahalmena eman zitzaien.

4. Lurreko belarra, barazkiak eta zuhaitzak ez hondatzeko agindua eman zitzaien, baizik eta zigiluaren marka bekokian ez zeramaten gizakiak bakarrik.

5. Ez zitzaien hiltzeko baimenik eman, baina bai bost hilabetez oinazetzekoa. Horiek emandako oinazea eskorpioien ziztadarena bezalakoa da.

6. Egun haietan gizakiak heriotzaren bila ibiliko dira, baina ez dute aurkituko; hil nahiko dute, baina heriotzak ihes egingo die.

7. Gudurako prest dauden zaldien itxura zuten matxinsaltoek; buruan urrezkoak bezalako koroak zeramatzaten; aurpegiak giza itxurakoak zituzten,

8. ile-adatsa emakumeena bezalakoa, eta hortzak lehoiarenak bezalakoak;

9. burdinazkoak bezalako bularrekoak zituzten, eta hegal-hotsa gudura zalapartaka doazen zalgurdi askoren zarata bezalakoa zen;

10. eskorpioiek bezalako isatsak zituzten, eztenez hornituak: eta isatsekin gizon-emakumeak bost hilabetez hondatzeko ahalmena zuten.

11. Matxinsaltoek leizeko aingerua zuten errege, hebreeraz Abadon eta grekoz Apolion deritzana (hau da, Suntsitzailea).

12. Iragan da lehen zoritxarra! Baina beste bi falta dira oraindik.

13. Jo zuen turuta seigarren aingeruak, eta Jainkoaren aurrean dagoen urrezko aldarearen lau ertzetatik ateratzen zen ahotsa entzun nuen.

14. Honela ziotsan turuta zeukan seigarren aingeruari: «Aska itzazu Eufrates ibai handiaren ondoan loturik dauden lau aingeruak».

Irakurri kapitulu osoa Apokalipsia 9