Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 3:2-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Zaude erne, eta indarberri ezazu oraindik bizirik daukazuna, erabat hil baino lehen. Zure jokabidea nire Jainkoaren aurrean behar bezain ona ez dela ikusi dut.

3. Oroit zaitez nola entzun eta onartu duzun mezua: euts iezaiozu, aldatu jokabidea. Zeren, erne ez bazaude, lapurra bezala etorriko bainaiz, gutxien espero duzun orduan etorriko ere.

4. Baina badituzu Sardesen beren jantziak zikindu ez dituzten batzuk. Nirekin ibiliko dira zuriz jantzirik, merezi baitute.

5. Garailea zuriz jantziko dute, eta ez dut kenduko haren izena biziaren liburutik; eta haren alde aterako naiz neure Aitaren eta honen aingeruen aurrean.

6. Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.

7. Idatz iezaiozu Filadelfiako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen santuak, egiazkoak, Daviden erreinuko giltza duenak —hark irekia ezin du inork itxi eta hark itxia ezin inork ireki—:

8. Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak, eta inork itxi ezin duen atea utzi dut zure aurrean zabalik. Indar handirik ez duzun arren, onartu duzu nire mezua eta ez duzu ukatu nire izena.

9. Horra, Satanasen elkarteko batzuk emango dizkizut nik eskura, judu direla esan arren gezurrontzi huts direnetariko batzuk; zure oinetan ahuspez jartzera behartuko ditut, maite zaitudala jakin dezaten.

10. Iraunkor izateko nire agindua gorde duzulako, nik ere gordeko zaitut, lurreko bizilagunak probatzeko mundu osora iristear dagoen probaldikoan.

11. Laster nator. Eutsi daukazunari, zeure garaipen-koroa inork ere ken ez diezazun.

12. Garailea neure Jainkoaren tenpluko zutabe egingo dut, eta ez da gehiago handik irtengo; neure Jainkoaren izena eta neure izen berria idatziko ditut harengan; baita neure Jainkoaren hiriaren izena ere, zerutik, nire Jainkoarengandik, jaisten den Jerusalem berriaren izena.

13. Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.

14. Idatz iezaiozu Laodizeako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen Amen-ek, testigu leial eta egiazkoak, Jainkoak egindakoen sorburuak:

15. Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak. Ez zara hotz, ez bero. Ai hotz edo bero bazina!

16. Baina epel zarelako eta ez bero, ez hotz, botagura emateraino nazkatzen nauzu.

Irakurri kapitulu osoa Apokalipsia 3