Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 3:12-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Garailea neure Jainkoaren tenpluko zutabe egingo dut, eta ez da gehiago handik irtengo; neure Jainkoaren izena eta neure izen berria idatziko ditut harengan; baita neure Jainkoaren hiriaren izena ere, zerutik, nire Jainkoarengandik, jaisten den Jerusalem berriaren izena.

13. Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.

14. Idatz iezaiozu Laodizeako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen Amen-ek, testigu leial eta egiazkoak, Jainkoak egindakoen sorburuak:

15. Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak. Ez zara hotz, ez bero. Ai hotz edo bero bazina!

16. Baina epel zarelako eta ez bero, ez hotz, botagura emateraino nazkatzen nauzu.

17. Hau diozu: «Aberats naiz, oso aberats, ez dut ezeren beharrik»; eta ez dakizu gizagaixoa zarena, errukarri eta behartsua, itsu eta biluzik zaudena.

18. Aholku hau ematen dizut: eros iezadazu zeuretzat sutan garbituriko urrea, aberats zaitezen, eta soineko zuriak zeure burua janzteko, larrugorri lotsagarrian ager ez zaitezen; erosi kolirioa begietan emateko, ikus dezazun.

19. Maite ditudanei egiten diet agiraka nik eta horiek zentzarazten ditut; izan, beraz, sutsu eta aldatu jokabidez.

20. Hara, atean nauzu deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea irekitzen, harenean sartuko naiz eta elkarrekin afalduko dugu.

21. Garailea neurekin eseraraziko dut neure tronuan, neu ere garaile izan eta neure Aitarekin beronen tronuan eseri naizen bezala.

22. Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.

Irakurri kapitulu osoa Apokalipsia 3