Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 21:19-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Hiriko harresiaren oinarriak era guztietako harribitxiz zeuden apainduak: lehenengo oinarria jaspez, bigarrena zafiroz, hirugarrena kaltzedonioz, laugarrena esmeraldaz,

20. bosgarrena sardonizez, seigarrena kornalinaz, zazpigarrena krisolitoz, zortzigarrena beriloz, bederatzigarrena topazioz, hamargarrena agataz, hamaikagarrena hiazintoz, hamabigarrena amatistaz.

21. Eta hamabi ateak hamabi perla ziren, bakoitza perla bakarraz egina, eta hiriko plaza urre hutsezkoa, beira gardena bezalakoa.

22. Ez nuen inolako tenplurik ikusi, zeren Jauna, Jainko ahalguztiduna, eta Bildotsa baitira hango tenplu.

23. Hiriak ez du argituko duen eguzki nahiz ilargirik behar, Jainkoaren aintzak baitu argitzen eta Bildotsa du kriseilu.

24. Haren argitan ibiliko dira herriak, eta munduko erregeek hara eramango dute beren handitasuna.

25. Haren ateak ez dira arratsean itxiko, han ez baita gaurik izango.

26. Hara eramango dituzte herrien handitasuna eta aberastasuna.

27. Ez da han ezer kutsaturik sartuko, ez sasijainkozalerik, ez gezurtirik, Bildotsaren biziaren liburuan izenak idatzirik dituztenak baizik.

Irakurri kapitulu osoa Apokalipsia 21