Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 21:1-9 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Zeru berria eta lur berria ikusi nituen, suntsituak baitziren lehenengo zerua eta lehenengo lurra, eta jadanik itsasorik ere ez zen.

2. Hiri santua ikusi nuen, Jerusalem berria, zerutik, Jainkoarengandik, jaisten, emaztegaia bere senarrarentzat bezala apaindua.

3. Eta ahots handia entzun nuen tronutik esaten: «Hona Jainkoak gizon-emakumeen artean jarri duen bizilekua; haiekin biziko da; haiek izango ditu bere herri, eta Jainkoa bera izango dute berekin.

4. Haien begietako malkoak xukatuko ditu, eta ez da gehiago heriotzarik izango, ez dolurik, ez negarrik, ez nekerik, lehengo mundua betiko desagertua baita».

5. Eta tronuan eseria zegoenak esan zuen: «Hara, gauza guztiak berri egiten ditut». Eta erantsi zuen: «Idatzi esaten dudan hau egiazkoa eta fidagarria dela».

6. Azkenik, esan zuen: «Egina dago! Neu naiz Alfa eta Omega, hasiera eta bukaera. Egarri denari neuk emango diot doan biziaren iturburutik.

7. Hori izango du garaileak ondare, eta Jainko izango nau ni eta nik bera seme.

8. Koldarrek, ordea, sinesgabeek, gaiztoek, hiltzaileek, lizunek, aztiek, sasijainkozaleek eta gezurti guztiek suz eta sufrez garretan dagoen aintzira, hau da, bigarren heriotza, izango dute ondare».

9. Orduan, zazpi ontziak azken zazpi izurriez beterik zeuzkaten zazpi aingeruetako batek etorri eta esan zidan: «Zatoz, emaztegaia erakutsi behar dizut, Bildotsaren emaztea».

Irakurri kapitulu osoa Apokalipsia 21