Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 20:1-8 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Aingeru bat ikusi nuen zerutik jaisten; lur azpiko leizeko giltza eta kate handi bat zeramatzan eskuan.

2. Atzeman zuen herensugea, antzinako sugea —hau da, deabrua edo Satanas—, eta mila urterako lotu zuen.

3. Leizera bota, sarrera giltzaz itxi eta zigilatu egin zuen mila urteak bete arte, aurrerantzean herriak lilura ez zitzan; mila urteon ondoren, pixka baterako aske gelditu behar du.

4. Tronu batzuk ere ikusi nituen; haietan eseri zirenei epaitzeko ahalmena eman zien Jainkoak. Ikusi nituen Jesusen testigantza egiteagatik eta Jainkoaren hitza hots egiteagatik lepo eginikoak ere, hau da, piztia eta beronen irudia gurtu ez zituztenak eta haren marka beren bekoki eta eskuetan hartu ez zutenak. Hauek bizira itzuli ziren eta Mesiasekin errege izan ziren mila urtez.

5. Gainerako hilak ez ziren bizira itzuli, harik eta mila urteak bete arte. Hau lehen piztuera da.

6. Zorionekoak lehen piztuera honetan parte dutenak, Jainkoarenak baitira! Bigarren heriotzak ez du aginterik beraien gain, baizik eta Jainkoaren eta Mesiasen apaiz izango dira, eta beronekin errege mila urteetan.

7. Mila urteak betetzean, aske geldituko da Satanas bere kartzelatik.

8. Orduan, lurreko lau bazterretako herriak —Gog eta Magog— liluratzeko aterako da eta gudurako bilduko ditu, itsasoko hondarrak bezain ugari.

Irakurri kapitulu osoa Apokalipsia 20