Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22

Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 2 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Efesoko eliz elkarteari

1. Idatz iezaiozu Efesoko eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen zazpi izarrak bere eskuineko eskuan dauzkanak, urrezko zazpi argimutilen erdian dabilenak:

2. Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak, zure lanbide neketsua eta eroapena. Badakit ezin duzula jende gaiztoa jasan, eta, benetan apostolu izan gabe, beren buruak apostolutzat zituztenak aztertu eta gezurtitzat utzi dituzula.

3. Baduzu eroapenik eta niregatik nekeak jasan dituzu, etsi gabe.

4. Baina zure aurka badut zerbait: galdu egin duzula hasierako maitasuna.

5. Hartu gogoan, beraz, nondik erori zaren; damu zaitez eta itzuli lehengo jokabidera. Bestela, zuregana joan eta bere lekutik kendu egingo dut zure argimutila.

6. Halere, hau duzu zeure alde: nik ere gorroto ditudan nikolaiten egintzak gorroto dituzula.

7. Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari Jainkoaren paradisuan dagoen bizi-arbolako fruituetatik emango diot jaten.

Esmirnako eliz elkarteari

8. Idatz iezaiozu Esmirnako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen lehenak eta azkenak, hila zegoenak eta bizira itzuli zenak:

9. Ezagun-ezagunak ditut zure atsekabea eta pobretasuna; halere, aberats zara. Badakit nola iraintzen zaituzten, judu direla esan arren Satanasen elkarte besterik ez diren horiek.

10. Ez izan beldur jasan beharko duzunaz; hara, zuetariko batzuk kartzelara botako ditu deabruak, zuek probatzeko, eta apur batez atsekabetuak izango zarete. Izan zaitezte leial heriotzaraino eta garaipen-koroa, betiko bizia, emango dizuet.

11. Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileak ez du bigarren heriotzaren zigorrik jasango.

Pergamoko eliz elkarteari

12. Idatz iezaiozu Pergamoko eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen aho biko ezpata zorrotza duenak:

13. Badakit ongi non bizi zaren: Satanasek bere tronua duen lekuan. Nirekiko leial iraun duzu, eta ez duzu ukatu nireganako fedea, ezta Antipas nire lekuko leiala zuen artean, Satanas bizi den toki horretan, hil zuten egunetan ere.

14. Badut, ordea, zertxobait zure aurka: hor dituzula zeurekin Balaamen irakatsiei jarraitzen dieten batzuk; hark irakasten zion Balak-i israeldarrak nola erorarazi bekatuan, sasijainkoei eskainiriko haragia jatera eta Jainkoarekiko desleial izatera bultzatuz.

15. Era berean, zuk ere badituzu nikolaiten irakatsiei jarraitzen dieten batzuk.

16. Damu zaitez, beraz; bestela, zuregana joango naiz laster eta horien aurka borroka egingo dut neure ahoko ezpataz.

17. Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari mana ezkutua emanen diot, eta harritxo txuri bat ere bai, eta harritxoan izen berri bat idatzia, hartzen duenak bakarrik ezagutuko duena.

Tiatirako eliz elkarteari

18. Idatz iezaiozu Tiatirako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen Jainkoaren Semeak, begiak sugarra bezalako eta oinak brontze goriaren antzeko dituenak:

19. Ezagun-ezagunak ditut zure egintzak, zure maitasuna, fedea, zerbitzugintza eta eroapena; zure azken egintzak lehenengoak baino ere bikainagoak dira.

20. Baina badut zerbait zure aurka: bere burua profetesatzat duen Jezabel horri utzi egiten diozula bere irakatsiekin nire zerbitzariak engainatzen, Jainkoarekiko desleial izan eta sasijainkoei eskainiriko haragia jatera bultzatuz.

21. Astia eman diot damu dadin, baina ez dio bere desleialkeriari uko egin nahi izan.

22. Hara, gaixotasun larria bidaliko diot berari, eta atsekabe handia berarekin desleialkerian bat egin dutenei, jokabidez aldatzen ez badira.

23. Haren jarraitzaileak heriotzaz joko ditut, eta jakingo dute eliz elkarte guztiek ni naizela buru-bihotzak ikertzen dituena, eta zuetako bakoitzari bere egintzen arabera emango diona.

24. Zuek, ordea, Tiatirako besteok, ez duzue onartu doktrina hori eta ez duzue ezagutu «Satanasen barrunbeak» deitzen duten hori. Zuei ez dizuet beste zamarik leporatzen;

25. eutsi kementsu orain duzuenari, ni itzuli arte.

26. Garaileari, nire nahia egiten azkeneraino irauten duenari, agintea emango diot nazioen gain,

27-28. nik neure Aitarengandik hartu dudan agintea; burdinazko makilaz gobernatuko ditu, buztinezko ontzia bezala puskatuko. Gainera, goizeko artizarra emango diot.

29. Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.