Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 16:10-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. Bosgarrenak piztiaren tronura isuri zuen bere ontzia, eta haren erreinua ilunpetan gelditu zen; jendeak, oinazearen oinazez, nork bere mihiari hozka egiten zion,

11. eta oinaze eta zauriengatik zeruko Jainkoa madarikatzen hasi ziren, baina ez ziren beren egintzez damutu.

12. Seigarrenak Eufrates ibai handiaren gainera isuri zuen bere ontzia, eta urak agortu egin ziren, horrela ekialdeko erregeentzat bidea prest utziz.

13. Orduan, herensugearen, piztiaren eta sasiprofetaren ahotik zapo antzeko hiru espiritu higuingarri ateratzen ikusi nituen.

14. Espirituak mirariak egiten zituzten deabruak ziren, eta mundu osoko erregeengana jo zuten, Jainko ahalguztidunaren egun handiko borrokara biltzeko.

15. Jaunak dio: «Hara, lapurra bezala nator. Zorionekoa erne eta jantzirik dagokeena! Ez du biluzik ibili beharrik izango eta ez dizkio inork lotsariak ikusiko».

16. Hebreeraz Harmagedon deritzan tokian bildu zituzten munduko erregeak.

17. Zazpigarren aingeruak airean isuri zuen bere ontzia, eta zeruko tenpluko tronutik ahots handia atera zen esanez: «Egina dago».

18. Orduan, tximistak, danbatekoak eta trumoiak izan ziren, baita lurrikara izugarria ere, gizakia lurrean bizi denetik izan ez den bezalako lurrikara handia.

19. Hiri handia hiru zatitan lehertu zen eta munduko beste nazioetako hiriek lur jo zuten; orduan, Jainkoa Babilonia hiri handiaz oroitu zen, hari bere zigor-kopa, bere sumin-ardoz betea, edanarazteko.

20. Uharte guztiek ihes egin zuten eta mendiak desagertu egin ziren.

21. Egundoko kazkabar-aleak erori ziren zerutik gizon-emakumeen gainera, eta hauek madarikatu egin zuten Jainkoa kazkabar-izurriagatik, benetan zigor ikaragarria izan baitzen.

Irakurri kapitulu osoa Apokalipsia 16