Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 11:1-9 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Ondoren, neurtzeko kanabera eman zidaten, makila baten antzekoa, esanez: «Jaiki eta neur itzazu Jainkoaren tenplua eta aldarea, eta zenbatu bertan kultu egiten ari direnak.

2. Utzi, ordea, neurtu gabe tenpluaren kanpoko ataria, jentilei eman baitzaie; hauek hankapean erabiliko dute Jerusalem hiri santua berrogeita bi hilabetez.

3. Orduan, neure bi testiguak bidaliko ditut dolu-jantziz estalirik, mila berrehun eta hirurogei egunez profetiza dezaten».

4. Horiek dira lurraren Jaunaren aurrean zutik dauden bi olibondoak eta bi argimutilak.

5. Norbaitek hondatu nahi baditu, sua aterako da haien ahotik eta etsaiak kiskaliko ditu; horrelaxe hilko da beroriek hondatu nahi dituen oro.

6. Hauek zerua ixteko ahalmena dute, profetizatzen ari izango diren garaian euririk egin ez dezan; ura odol bihurtzeko ahalmena ere badute, eta nahi duten guztietan lurra edozein izurriz zigortzekoa ere bai.

7. Baina, beren testigantza amaitzean, leizetik igoko den piztiak borroka egingo die, menderatu eta hil egingo ditu.

8. Haien gorpuak irudizko hizkeran Sodoma nahiz Egipto deritzan hiri handiko plazan geldituko dira, haien Jauna ere gurutziltzatu zuten leku berean.

9. Herri, arraza, hizkuntza eta nazio guztietako jendea etorriko da hiru egun eta erdiz gorpuak ikustera eta ez du utziko haiei lur ematen.

Irakurri kapitulu osoa Apokalipsia 11