Itun Zaharra

Itun Berria

Apokalipsia 1:8-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. «Neu naiz Alfa eta Omega —dio Jainko Jaunak—, dena, zena eta etortzekoa, ahalguztiduna».

9. Ni, Joan, zuen anaia eta Jesusen maitasunagatik atsekabean eta erreinuaren itxaropen iraunkorrean zuen kideko naizen hau, Patmos izeneko uhartean nengoen erbesteratua Jainkoaren hitzarengatik eta Jesusen testigantza egiteagatik.

10. Jaunaren egunean Espirituak hartu ninduen, eta neure ostean ahots handia entzun nuen turuta-hotsa bezalakoa.

11. Hau zioen: «Idatz ezazu liburu batean ikusiko duzuna, eta bidali zazpi eliz elkarte hauei: Efeso, Esmirna, Pergamo, Tiatira, Sardes, Filadelfia eta Laodizeako eliz elkarteei».

12. Atzera begiratu nuen, mintzo zitzaidan ahots hura norena ote zen ikusteko eta, itzultzean, urrezko zazpi argimutil ikusi nituen,

13. eta argimutilen erdian gizaseme antzeko bat, soineko luzez jantzia, bularpea urrezko gerrikoz lotua.

14. Haren buruko ilea zuria zen, artilea eta elurra bezalakoa, begiak sugarra bezalakoak,

15. oinak labean garbituriko brontze goriaren antzekoak, haren ahotsa ur handiena bezalako burrunba.

16. Zazpi izar zituen eskuineko eskuan eta aho biko ezpata zorrotza ateratzen zitzaion ahotik; aurpegia eguzkia indarrik handienean bezain argitsu zuen.

17. Hura ikustean, hila bezala erori nintzaion oinetan. Berak eskuineko eskua gainean jarri zidan, esanez: «Ez izan beldur! Neu naiz lehena eta azkena,

18. bizi dena; hilik egon nintzen, baina orain bizirik nago menderen mendetan, eta neure menpe ditut Herioa eta Hildakoen Egoitza.

19. Idatz ezazu, beraz, ikusi duzuna: orain dena eta gero izango dena.

20. Hona nire eskuineko eskuan ikusi dituzun zazpi izarren eta urrezko zazpi argimutilen esanahia: zazpi izarrak zazpi eliz elkarteen aingeruak dira, eta zazpi argimutilak zazpi eliz elkarteak».

Irakurri kapitulu osoa Apokalipsia 1