Itun Zaharra

Itun Berria

2 Korintoarrei 8:1-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Senideok, Jainkoak Mazedoniako eliz elkarteei izan dien onginahia jakinarazi nahi dizuet.

2. Atsekabealdi gogorra jasan behar izan duten arren, haien poza neurrigabekoa izan da eta, gabezia gorrian izan arren, oso eskuzabal agertu dira.

3. Ahal zutena eta gehiago ere eman dutela testigu naiz. Beren gogoz,

4. arren eta arren eskatzen zidaten fededunen aldeko zerbitzu honetan parte hartzen uzteko.

5. Eta nik uste baino gehiago ere egin dute: lehendabizi Jaunari eman zizkioten beren buruak, eta gero niri, Jainkoak nahi bezala.

6. Horregatik eskatu diot Titori, zuen eskuzabaltasunezko egintza hau berak hasi zuenez gero, burutu ere berak buru dezala zuen artean.

7. Gauza guztietan aberats zarete: sinesmenean, hitz egiteko gaitasunean, jakintzan, denetarako arduran eta nireganako maitasunean; izan zaitezte aberats eskuzabaltasunean ere.

8. Hau ez dizuet aginduz esaten, beste eliz elkarteen arreta ikusiz, zeuen maitasunaren jatortasuna erakusteko aukera izan dezazuen baizik.

9. Ezaguna duzue Jesu Kristo gure Jaunaren eskuzabaltasuna: aberats izanik, behartsu egin zen zuengatik, bere behartsu izateaz zuek aberats egiteko.

10. Aholku bat ematen dizuet gai honi buruz. Iaz zuek izan zineten lehenengoak, diru-bilketa egiten ez ezik, baita horretarako erabakia hartzen ere; on duzue, bada,

11. orain egintza hori azkeneraino eramatea. Honela, hasierako asmo onaren parekoa izanen da egintzaren burutzapena ere, zuen ahalbideen arabera.

12. Izan ere, borondatea duenari, eman dezakeena onartzen zaio, ez zaio besterik eskatzen.

13. Arazoa ez da besteak lasai egoteko zuek larri gertatzea, guztien berdintasuna bilatzea baizik.

14. Une honetan, zuek sobera duzuenak haien eskasia konponduko du, eta egunen batean haien ugaritasunak zuen eskasia. Honela, berdintasuna izango da nagusi,

15. Liburu Santuak dioen bezala: Asko bildu zuenak ez zuen sobera, ezta gutxi bildu zuenak ere eskas.

Irakurri kapitulu osoa 2 Korintoarrei 8