Itun Zaharra

Itun Berria

2 Korintoarrei 7:8-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Horregatik, nire gutun harekin nahigabea eman banizuen ere, ez dut damurik. Eta, gutun hark alditxo batez nahigabetu egin zintuztela ikusirik, lehen damuturik egon banintzen ere,

9. orain poztu egiten naiz; ez, noski, eman nizuen nahigabeagatik, nahigabe horrek zeuen jarrera aldatzera eraman zintuztelako baizik. Zuen nahigabea Jainkoak nahi bezalakoa izan zen; beraz, ez nizuen inolako kalterik egin.

10. Izan ere, Jainkoaren asmoen araberako nahigabeak salbamenera garamatzan bizi-aldaketa dakar ondorio, eta horretaz damutu beharrik ez dago. Mundu honetatik datorkigun nahigabeak, berriz, heriotzara eramaten gaitu.

11. Begira, bestela, zer sortu zuen zuengan Jainkoaren araberako nahigabe horrek: nolako ardura eta zeuen buruak zuritu beharra, nolako haserrea eta beldurra! Nolako irrika eta zaletasuna nireganako, nolako bizkortasuna erruduna zigortzeko! Garbi azaldu duzue errugabe zinetela arazo honetan.

12. Idatzi, beraz, ez nizuen idatzi iraina egin zuenarengatik, ezta hartu zuenarengatik ere, Jainkoaren aurrean nitaz duzuen ardura agertzeko aukera zuei emateko baizik.

13. Zuen jokabideak kontsolatu egin nau.Eta oraindik gehiago poztu nau Titoren zoriona ikusteak, zuek guztiok biziberritua utzi baituzue berorren bihotza.

14. Zuetaz egin nizkion goraipamen guztiak ez dira gezur gertatu; bestela baizik, zuei beti egia esan dizuedan bezala, egia gertatu dira zuetaz Titori egin nizkion goraipamenak ere.

15. Zuek guztiok agertu zenioten mendetasuna eta nolako begirunez hartu zenuten gogoratzean, handiago egiten zaio zuekiko maitasuna.

16. Zuengan konfiantza osoa izan dezakedala jakiteak pozez betetzen nau.

Irakurri kapitulu osoa 2 Korintoarrei 7