Itun Zaharra

Itun Berria

2 Korintoarrei 7:1-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Ene maiteok, honelako agintzariak ditugunez gero, garbi gaitezen gorputzeko eta espirituko zikin guztietatik, eta eraman dezagun bere betera geure sagarapena, Jainkoarenganako begirunean biziz.

2. Egidazue leku zeuen bihotzetan. Ez diot inori bidegaberik, ez kalterik egin, ez dut inor ustiatu.

3. Ez zaituztet gaitzetsi nahi, esana baitizuet barru-barruan zaituztedala: elkarrekin bat eginak gaude, bai heriotzarako, bai bizitzarako.

4. Handia da zuengan dudan konfiantza eta harro nago zuengatik. Adorez betea nago eta pozez gainezka neure atsekabe guztien artean.

5. Mazedoniara iritsi nintzenean, nik, gizagaixo honek, ez nuen atsedenik izan; atsekabeak izan nituen alde guztietatik: borroka kanpotik eta beldurra barrutik.

6. Baina bihozgabetuei adore ematen dien Jainkoak adorez bete ninduen Titoren etorrerarekin.

7. Eta ez bakarrik haren etorrerarekin, baita zuengandik ekarri zizkidan berri pozgarriekin ere: berak jakinarazi zizkidan ni ikusteko duzuen irrika, zuen damu-negarra eta nirekiko maitasuna. Horrek oraindik gehiago poztu ninduen.

8. Horregatik, nire gutun harekin nahigabea eman banizuen ere, ez dut damurik. Eta, gutun hark alditxo batez nahigabetu egin zintuztela ikusirik, lehen damuturik egon banintzen ere,

9. orain poztu egiten naiz; ez, noski, eman nizuen nahigabeagatik, nahigabe horrek zeuen jarrera aldatzera eraman zintuztelako baizik. Zuen nahigabea Jainkoak nahi bezalakoa izan zen; beraz, ez nizuen inolako kalterik egin.

10. Izan ere, Jainkoaren asmoen araberako nahigabeak salbamenera garamatzan bizi-aldaketa dakar ondorio, eta horretaz damutu beharrik ez dago. Mundu honetatik datorkigun nahigabeak, berriz, heriotzara eramaten gaitu.

11. Begira, bestela, zer sortu zuen zuengan Jainkoaren araberako nahigabe horrek: nolako ardura eta zeuen buruak zuritu beharra, nolako haserrea eta beldurra! Nolako irrika eta zaletasuna nireganako, nolako bizkortasuna erruduna zigortzeko! Garbi azaldu duzue errugabe zinetela arazo honetan.

Irakurri kapitulu osoa 2 Korintoarrei 7