Itun Zaharra

Itun Berria

2 Korintoarrei 6:1-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jainkoak bere ekintzan lankide gaituenez gero, eskatzen dizuegu ez dezazuela alferrik har haren onginahia.

2. Izan ere, Jainkoak dio: Onginahi-garaian entzun dizut, salbamen-egunean lagundu.Begira, bada, oraintxe da onginahi-garaia, oraintxe salbamen-eguna.

3. Ez diogu inori okerrerako biderik eman, gure zerbitzua toki txarrean geldi ez dadin;

4. baizik eta gauza guztietan Jainkoaren zerbitzari garela agertzen dugu, jasaten dugun guztian eroapen handia erakutsiz: atsekabe, beharrizan eta estuasunetan,

5. zigor, kartzela, nahaspila eta lan neketsuetan, lo faltan eta janari-gabezian.

6. Biziera garbiz jokatzen dugu, jakinduriaz, pazientziaz eta bihotz onez, Espiritu Santuaren dohainez eta benetako maitasunez,

7. egiaren mezua hots eginez eta Jainkoaren indarra erakutsiz. Nahiz erasorako nahiz defentsarako, ez dugu Jainkoaren salbamen-indarra beste armarik,

8. ohoratzen gaituztela nahiz iraintzen, gutaz ongi hitz egiten dutela nahiz gaizki. Gezurtitzat jotzen gaituzte, egia esaten dugun arren;

9. ezezaguntzat, ongi ezagunak garen arren; hilzorian gaude, baina oraindik bizirik; zigortuak, baina ez hilak;

10. tristetzat jotzen gaituzte, baina beti pozik gaude; behartsutzat, baina beste asko aberasten dugu; ezertxo ere ez bagenu bezala, guztiaren jabe garelarik.

11. Korintoarrok, xalotasun osoz mintzatu natzaizue, zabal-zabalik ireki dizuet neure bihotza.

12. Nire barruan harrera zabala duzue; zuek, ordea, itxirik duzue bihotza niretzat.

Irakurri kapitulu osoa 2 Korintoarrei 6