Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Korintoarrei 2 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Baina berriro nahigaberik ez nizuela eman behar eta, zuengana ez joatea erabaki dut.

2. Izan ere, nik nahigabea ematen badizuet, nork poz nazake ni zeuek izan ezik, neuk nahigabetu zaituztedanok izan ezik?

3. Hau zen, hain zuzen, nire gutunaren helburua: zuengana joatean, ez nazatela nahigabetu poztu behar ninduketenek; zeren ziur bainago, zuei guztioi dagokizuenez, nire poza zeuen poz egiten duzuela.

4. Nire atsekabea eta barruko kezka hain handiak zirenez, negarrez idatzi nizuen; baina ez zuek nahigabetzeko asmoz, nolako maitasun neurrigabea dizuedan adierazteko baizik.

Iraindu zuenarentzat barkamena

5. Norbaitek nahigabetu banau, ez nau ni nahigabetu, baizik eta neurri batean —gehiegi ez esatearren— zuek guztiok nahigabetu zaituzte.

6. Horrelako horrek badu nahikoa zuetako gehienek ezarri dioten zigorraz;

7. orain, ordea, barkatu eta adorea eman behar diozue, gehiegizko nahigabeak lur joa utz ez dezan.

8. Arren, beraz, ager iezaiozue berriro ere zeuen maitasuna.

9. Hain zuzen, honetarako ere idatzi nizuen: zuek probatzeko, gauza guztietan esaneko zareten ala ez jakiteko, alegia.

10. Eta zuek barkatzen diozuenari, nik ere barkatzen diot; izan ere, nik barkatzen badut —barkatzekorik ezer baldin badut—, zuengatik barkatzen dut Kristoren aurrean.

11. Ezagunak ditugu Satanasen azpikeriak, eta ez dugu nahi arazo honetan hura irabazian ateratzerik.

Troadetik Mazedoniara

12. Troadera Kristoren berri ona hots egitera iritsi nintzenean, Jaunarentzat lan egiteko aukera ederra aurkitu nuen;

13. baina Tito, nire anaia, han ez zegoelako, oso kezkaturik sentitu nintzen eta, hangoei agur eginik, Mazedoniara jo nuen.

Esker ona

14. Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari, Kristoren bidez lortu duen garaipenaren partaide egiten gaituelako beti, eta, gure bitartez, Kristoren ezagutza usain gozoa bezala leku guztietan zabaltzen duelako.

15. Izan ere, Kristok Jainkoari eskaintzen dion intsentsuaren usaina bezala gara bai salbatzen direnentzat, bai galtzen direnentzat:

16. galtzen direnentzat, heriotza ematen duen heriotza-usaina; salbatzen direnentzat, berriz, bizitza ematen duen bizi-usaina.Eta nor da gai eginkizun horretarako?

Paulo itun berriaren zerbitzari

17. Gu ez gabiltza salerosketan Jainkoaren mezuarekin, beste asko bezala; zintzotasunez mintzo gara, Jainkoaren izenean, beronen aurrean eta Kristok eraginda ari garela jakinik.