Itun Zaharra

Itun Berria

1 Timoteori 5:10-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. bere egintza onez ezaguna: seme-alabak heztea dela edo ostatu ematea, fededunak apaltasunez zerbitzatzea edo nahigabetuei laguntzea edota era guztietako egintza onak burutzea dela.

11. Ez onartu, ordea, alarguntsen sailean alarguntsa gazteagoak; zeren, haragizko grinak eraginda, Kristorengandik aldendu eta berriro ezkondu nahi izaten baitute.

12. Horrela, errudun bihurtzen dira, lehenengo beren konpromisoa hausteagatik.

13. Gainera, alferkerian ohitzen dira eta hor ibiltzen dira etxez etxe; eta, alfer ez ezik, berritsu ere bihurtzen dira, non zer jakingo eta behar ez denaz hitz egiten ibiltzen direlarik.

14. Horregatik, nahiago dut alarguntsa gazteak ezkontzea, seme-alabak sortu eta etxeaz arduratzea, etsaiari inolako hizpiderik eman ez diezaioten.

15. Zeren dagoeneko okertu baita horietako zenbait, Satanasi jarraituz.

16. Emakume sinestedun batek, berekin alarguntsarik baldin badu, zain dezala berak, eta ez diezaiola zama hori eliz elkarteari ezar, honek norengana jorik ez duten alarguntsei laguntzeko modua izan dezan.

17. Elkartea ongi zuzentzen duten arduradunek estimu bikoitza merezi dute, prediku- eta irakaste-lanetan ari direnek batik bat.

18. Liburu Santuak hau baitio: Ez diozu muturrekorik ipiniko gari jotzen ari den idiari, eta: «Langileari bere soldata zor zaio».

19. Ez onartu arduradun baten aurkako salaketarik, bi edo hiru lekukoren aitorpenaz ez bada.

20. Zentza itzazu guztien aurrean beren betebeharretan huts egiten dutenak, gainerakoek ere eskarmentua har dezaten.

21. Arren eskatzen dizut Jainkoaren, Kristo Jesusen eta aingeru hautatuen aurrean, gorde ditzazula gauza hauek guztiak aurreiritzirik gabe, alderdikeriaz ezer ere ez egiteko.

Irakurri kapitulu osoa 1 Timoteori 5