Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Timoteori 3 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Elkarte-arduradunak

1. Egia da elkarte-zuzendari izan nahi duenak eginkizun ona nahi duela.

2. Baina zuzendariak akats gabea izan behar du, behin bakarrik ezkondua, neurritsu, zentzudun, gizabidetsu, ostatu-emaile, irakasteko trebe;

3. ez ardozale, ezta sesiozale ere, bihozbera baizik, baketsua eta ez diruzalea.

4. Bere etxea ongi gobernatzen eta seme-alabak mendetasunean eta errespetuan hezten jakin behar du;

5. izan ere, nola izango du Jainkoaren elkartearen ardurarik bere etxea gobernatzen ez dakienak?

6. Ez bedi kristauberri izan, harropuztu eta deabrua bezala gaitzetsia izan ez dadin.

7. Kristau ez direnen artean ere izen ona izan behar du, desohorean eta deabruaren sareetan eror ez dadin.

Diakonoak

8. Diakonoak ere agurgarri eta hitzeko gizon izan daitezela, ez ardozale, ezta irabazi zikinei emanak ere;

9. gorde bezate kontzientzia garbiz Jainkoak agertu eta guk sinetsiriko egia.

10. Lehenik, izan bitez aztertuak eta, gero, akats gabe badira, bete bezate diakonotza-zerbitzua.

11. Emakumeek ere agurgarri izan behar dute eta ez maiseatzaile; neurritsu eta gauza guztietan fidagarri.

12. Diakonoak izan bitez behin bakarrik ezkonduak, beren seme-alabak eta etxea ongi gobernatzen dakitenak;

13. zeren zerbitzu hau ongi betetzen dutenek ohorezko maila berenganatzen baitute, eta Kristo Jesusengan dugun sinesmenak segurtasunez betetzen ditu.

Gure erlijioaren misterioa

14-15. Zu ikustera laster joango naizela espero dut; hala ere, badaiteke luzatzea eta horregatik idazten dizut, jakin dezazun nola jokatu Jainkoaren etxean, egiaren zutoin eta oinarri den Jainko biziaren elizan.

16. Ezbairik gabe, handia da gure erlijioaren misterioa:Kristo, gizaki bezala agertua,Espirituak zintzotzat aitortua,aingeruek ikusia,herriei hots egina,munduan sinetsia,Jainkoak aintzan hartua.