Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Pedro 5 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Elkarte-arduradunak

1. Zuen arteko arduradunei nik, beraiek bezala arduradun eta Kristoren sufrimenduen testigu eta gero agertuko den aintzaren partaide naizen honek, arren eskatzen diet:

2. larra ezazue Jainkoak zuen esku jarri duen artaldea; zaindu, ez gogoz kontra, gogo onez baizik, Jainkoak nahi bezala; ez irabazi zikinari begira, bihotz-zabaltasunez baizik;

3. ez zaintzeko egokitu zaizkizuenen gain agintea ezarriz, artaldearentzat eredu izanez baizik.

4. Horrela, artzain nagusia agertzean, inoiz zimelduko ez den aintzazko koroa jasoko duzue.

Izan apal eta egon erne

5. Era berean, zuek, gazteok, izan zaitezte adinekoen menpeko. Izan zaitezte denok apalak zeuen harremanetan, Jainkoak harroei aurre egitenbaitie; apalei, berriz, onginahia azaltzen.

6. Behera zaitezte, bada, eta jarri Jainko ahaltsuaren eskumendean, bere garaian gora zaitzaten.

7. Utzi Jainkoari zeuen kezka guztiak, bera baita zuetaz arduratzen.

8. Izan zaitezte neurritsu eta egon erne. Zuen etsaia, deabrua, zuen inguruan dabil, goseak dagoen lehoia bezala, nor irentsiko.

9. Egiozue aurre fedean sendo, munduan zabaldurik diren beste senideak ere zuek bezalakoxe sufrimenduak jasaten ari direla jakinik.

10. Eta pixka batean sufritu ondoren, dohain guztien iturri den Jainkoak, Kristoren bidez bere betiko aintzara deitu zaituztenak, berak bizkortuko zaituzte, sendo egin eta finko ezarriko.

11. Berari dagokio ahalmena menderen mendetan. Amen.

Azken agurrak

12. Anaia leialtzat daukadan Silvanoren eskuz idatzi dizuet gutun labur hau, zuei adore eman eta Jainkoaren benetako dohaina zein den adierazteko asmoz. Iraun sendo dohain horretan.

13. Babilonia honetan bizi den eta zuek bezalaxe Jainkoak aukeratua den eliz elkarteak agurtzen zaituzte, baita nire seme Markosek ere.

14. Agur ezazue elkar, maitasunez besarkatuz. Bakea Kristorenak zareten guztioi.