Itun Zaharra

Itun Berria

1 Pedro 1:1-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Nik, Pedrok, Jesu Kristoren apostolu honek, Ponto, Galazia, Kapadozia, Asia eta Bitiniako lurraldeetan atzerritar bezala sakabanaturik bizi zaretenoi idazten dizuet.

2. Aita Jainkoak aurrez erabakita zuenaren arabera aukeratu zaituzte eta Espirituaren bidez sagaratu, Jesu Kristoren esanera bizitzeko eta beronen odolaz garbituak izateko. Grazia eta bakea oparo zuei!

3. Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita! Bere erruki handiak eraginda, bizi berrira birsortu gaitu, Jesu Kristo hildakoen artetik piztuz. Horrela, itxaropen bizia daukagu orain,

4. Jainkoak guretzat zeruan prestaturik duen ondarea jasotzeko itxaropena. Ondare hori ez daiteke hondatu, ez zikindu, ez zimeldu. Zuentzat ere prestatua du Jainkoak.

5. Honek bere ahalmenaz zaintzen zaituzte, azken garaian agertuko den salbamena irits dezazuen fedeari esker.

6. Horregatik, pozik zaudete, nahiz eta oraindik alditxo batez zenbait probaldi sufritu behar izan.

7. Horrela, zuen fedeak bere jatortasuna erakutsiko du, galkorra izan arren sutan garbitzen den urreak bezala; eta urrea baino askoz baliotsuago den zuen fedeak gorespena, ospea eta ohorea iritsiko ditu Jesu Kristo agertuko denean.

8. Maite duzue Jesu Kristo, gaurdaino ikusi ez duzuen arren. Eta, ikusi gabe berarengan sinetsiz, esanezin ahalako pozez, poz distiratsuz, beteak zaudete jadanik,

9. zeuen fedearen helburua, zeuen salbamena, iristen duzuelako.

10. Profetek, Jainkoak zuentzat prestaturiko dohaina iragarri zutenean, salbamen hau zuten gogoan eta berau aztertzen saiatu ziren.

11. Berekin zuten Kristoren Espirituak aldez aurretik adierazten zizkien Mesiasen sufrimenduak eta ondorengo aintza, eta beraiek hori guztia noiz eta nola gertatuko zen aztertu zuten.

12. Jainkoak agertu zien, egiten zuten profezi lana ez zutela berentzat egiten, zuentzat baizik. Eta haiek adierazia, zerutik bidalitako Espiritu Santuaren eraginez berri ona hots egiten dizuetenek iragartzen dizuete orain. Aingeruak berak ere gauza horiek ikusteko irrikaz daude.

Irakurri kapitulu osoa 1 Pedro 1