Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 7:25-40 Elizen Arteko Biblia (EAB)

25. Ezkongabeentzat ez daukat Jaunaren agindurik. Hala ere, neure iritzia emango dizuet, Jaunaren errukiaz sinesgarri naizenez gero.

26. Bizi ditugun une larriak gogoan harturik, esan dudana egoki dela uste dut, hau da, on dela norberak dagoen egoeran jarraitzea.

27. Ezkondua zarela? Ez ibili banandu nahian. Ezkongabea zarela? Ez hasi emazte bila.

28. Hala ere, ezkontzen bazara, ez duzu bekaturik egiten; neskatxak ere, ezkontzen bada, ez du bekaturik egiten. Baina ezkontzen direnek arazo handiagoak izango dituzte beren bizitzan, eta nik ez nuke nahi horrelakorik zuentzat.

29. Senideok, epea laburtu egin dela diotsuet. Beraz, gelditzen zaigun denboran, ezkonduak bizi bitez ezkondurik ez baleude bezala;

30. negar dagitenak, egingo ez balute bezala; pozik daudenak, ez baleude bezala; erosten dutenak, ezer ez balute bezala,

31. eta mundu honetako gauzez baliatzen direnak, baliatuko ez balira bezala; mundu hau, orain ageri zaigun itxuran, desagertzear baitago.

32. Kezka guztiak kendu nahi nizkizueke. Ezkongabea Jaunaren gauzez kezkatzen da, Jaunari atsegin nola emango;

33. ezkondua, berriz, munduko gauzez, bere emazteari atsegin nola emango,

34. eta bere baitan zatitua dago. Emakume ezkongabea eta neskatxa Jaunaren gauzez kezkatzen dira, eta beroni gorputz-arimaz emanak bizi dira; ezkondua, berriz, munduko gauzez, bere senarrari atsegin nola emango.

35. Hau zeuen onerako diotsuet, ez ezertan behartu nahi zaituztedalako. Hau da nahi dudana: era egokienean bizi zaiteztela, oso-osorik Jaunari atxikiak.

36. Gazte grinatsu batek bere neskatxarekin ez dela ongi jokatzen ari eta ezkondu egin behar duela uste badu, bete dezala bere asmoa, eta ezkon daitezela; ez du bekaturik egiten.

37. Baina beste batek, inork behartu gabe eta bere buruaren jabe dela, andregaiarekin ez ezkontzeko erabaki sendoa bere baitan hartzen badu, oso ongi egingo du.

38. Bere andregaiarekin ezkontzen denak, beraz, ongi egiten du, eta ezkontzen ez denak, hobeki.

39. Emakumea loturik dago senarra bizi den bitartean. Hiltzen bazaio, libre gelditzen da eta nahi duenarekin ezkon daiteke, aukeratua kristaua izanez gero.

40. Baina zoriontsuagoa izango da dagoen bezala gelditzen bada; hau da nire iritzia, eta Jainkoaren Espiritua nik ere badudalakoan nago.

Irakurri kapitulu osoa 1 Korintoarrei 7