Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 7:22-34 Elizen Arteko Biblia (EAB)

22. Jaunaren deiak esklabo dena libre egiten du, eta libre dena Kristoren esklabo bihurtzen.

23. Garesti ordainduz eskuratu zaituzte Jainkoak: ez bihurtu, beraz, gizakien esklabo.

24. Senideok, jarrai beza bakoitzak Jainkoaren aurrean, honek deitzerakoan zuen bizi-egoeran.

25. Ezkongabeentzat ez daukat Jaunaren agindurik. Hala ere, neure iritzia emango dizuet, Jaunaren errukiaz sinesgarri naizenez gero.

26. Bizi ditugun une larriak gogoan harturik, esan dudana egoki dela uste dut, hau da, on dela norberak dagoen egoeran jarraitzea.

27. Ezkondua zarela? Ez ibili banandu nahian. Ezkongabea zarela? Ez hasi emazte bila.

28. Hala ere, ezkontzen bazara, ez duzu bekaturik egiten; neskatxak ere, ezkontzen bada, ez du bekaturik egiten. Baina ezkontzen direnek arazo handiagoak izango dituzte beren bizitzan, eta nik ez nuke nahi horrelakorik zuentzat.

29. Senideok, epea laburtu egin dela diotsuet. Beraz, gelditzen zaigun denboran, ezkonduak bizi bitez ezkondurik ez baleude bezala;

30. negar dagitenak, egingo ez balute bezala; pozik daudenak, ez baleude bezala; erosten dutenak, ezer ez balute bezala,

31. eta mundu honetako gauzez baliatzen direnak, baliatuko ez balira bezala; mundu hau, orain ageri zaigun itxuran, desagertzear baitago.

32. Kezka guztiak kendu nahi nizkizueke. Ezkongabea Jaunaren gauzez kezkatzen da, Jaunari atsegin nola emango;

33. ezkondua, berriz, munduko gauzez, bere emazteari atsegin nola emango,

34. eta bere baitan zatitua dago. Emakume ezkongabea eta neskatxa Jaunaren gauzez kezkatzen dira, eta beroni gorputz-arimaz emanak bizi dira; ezkondua, berriz, munduko gauzez, bere senarrari atsegin nola emango.

Irakurri kapitulu osoa 1 Korintoarrei 7