Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 6:1-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Zuetako norbait, beste baten aurka auziren bat duenean, nolatan ausartzen da jentilen auzitegira jotzen, fededunen aurrera jo beharrean?

2. Ez al dakizue fededunek mundua epaituko dutela? Eta mundua epaitu behar duzuenok, ez ote zarete gauza arazo txikiak epaitzeko?

3. Ez al dakizue aingeruak ere epaituko ditugula? Bada, arrazoi handiagoz eguneroko gorabeherak.

4. Gorabehera horiek direla-eta auziak dituzuenean, nolatan aukeratzen dituzue epaile eliz elkartearentzat inor ez direnak?

5. Zeuen lotsarako diotsuet. Ez ote duzue inor aditurik, senide arteko auziak erabaki ditzakeenik?

6. Bai zera! Senidea senidearekin auzitan zabiltzate, eta epaile jentilen aurrean gainera!

7. Dena dela, zeuen artean auzitan ibiltzea bera nahiko penagarria da. Zergatik ez bidegabekeria jasan eta zeuen buruak larrutzen utzi?

8. Baina ez, zeuek zarete bidegabekeria eta lapurreta egiten dituztenak, eta hori zeuen senideen aurka.

9. Ez al dakizue bidegabeek ez dutela Jainkoaren erreinua iritsiko? Ez engaina zeuen buruak! Lizunek, sasijainkozaleek, adulteriogileek, emakeria-zaleek, sodomitek,

10. lapurrek, diruzaleek, mozkorrek, izen onaren kentzaileek eta iruzurgileek ez dute Jainkoaren erreinua iritsiko.

11. Horietakoak zineten zuetako batzuk ere; baina garbituak izan zarete, sagaratuak eta Jainkoak onartuak Jesu Kristo Jaunaren izenean eta gure Jainkoaren Espirituaren bidez.

12. «Dena zilegi dut», dio zenbaitek; baina ez da dena komenigarri. «Dena zilegi dut», bai, baina ni ez nau ezerk menpeko egingo.

Irakurri kapitulu osoa 1 Korintoarrei 6