Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 4 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Apostoluak kristauen zerbitzari

1. Beraz, har gaitzatela denek Kristoren zerbitzaritzat eta Jainkoaren asmo ezkutuen administratzailetzat.

2. Eta administratzaileari eskatzen zaiona leiala izatea da.

3. Niri dagokidanez, gutxi axola zait zuek edo giza auzitegik epaitua izatea. Neuk ere ez dut epaitzen neure burua.

4. Egia da neure kontzientziak ez nauela ezertan salatzen; baina horrek ez du esan nahi neure burua errugabetzat dudanik, Jaunak bainau epaitzen.

5. Ez dezazuela, beraz, epea baino lehen epai. Itxaron Jauna etorri arte. Berak argituko du ilunpean ezkutatua dagoena, berak agertuko bihotzeko asmo gordeak. Eta orduan, nork bere merezia jasoko du Jainkoarengandik.

6. Zuengatik esan ditut gauza hauek, Apoloren eta neure adibidea jarriz, guregandik ikas dezazuen idatzirik dagoena baino harantzago ez joaten, eta inor ez dadin batengatik harro besteren bizkar.

7. Nork egiten zaitu zu besteak baino gehiago? Zer daukazu hartu ez duzunik? Eta daukazuna hartua baldin baduzu, zergatik harrotzen zara hartua ez bazenu bezala?

8. Asebeteak omen zaudete, aberastuak; gure beharrik gabe, errege izatera iritsi omen zarete. Nahiago nuke egia balitz errege zaretela, gu ere zuekin batera errege izan gintezen!

9. Dirudienez, gu, apostoluok, Jainkoak azken tokian jarri gaitu, heriotzara kondenatuak bagina bezala; ikuskizun bihurtu gaitu mundu guztiarentzat, bai aingeruentzat, bai gizon-emakumeentzat.

10. Gu zoroak omen gara Kristorengatik; zuek, berriz, kristau zentzudunak. Gu ahulak, zuek sendoak; zuek izen handikoak, gu gutxietsiak.

11. Orain arte hor ibili gara goseak, egarriak, larrugorri eta gaizki erabiliak; ez daukagu non bildurik,

12. eta lehertzeraino egiten dugu lan geure eskuz. Irain egiten digute eta guk bedeinkatu; erasoka erabiltzen gaituzte eta guk jasan;

13. gaizki-esaka ari zaizkigu eta guk gozoki erantzun. Orain artean, munduko simaurra bezala gara, guztien hondakin.

Pauloren oharrak

14. Hau idaztean, ez zaituztet lotsarazi nahi, ohartarazi baizik, seme-alaba maiteak zaituztedanez gero.

15. Kristau bezala baduzue irakasle franko, ez ordea aitarik asko; kristau bezala nik sortu zintuztedan berri onaren bidez.

16. Horregatik, nire antzeko izan zaiteztela eskatzen dizuet.

17. Eta horretarako bidaltzen dizuet Timoteo, neure seme maite eta kristau zintzoa. Berak gogoratuko dizkizue kristau-bizitzarako nire burubideak, eliz elkarte guztiei han eta hemen irakasten dizkiedan bezala.

18. Ni berriro zuengana joango ez naizelakoan, batzuk harropuztu egin dira.

19. Joango naiz, ordea, eta laster gainera, Jaunak nahi badu. Ikusiko dut orduan, egintzetan zenbaterainokoak diren hainbeste hitz egiten duten harroputz horiek.

20. Izan ere, Jainkoaren erreinua ez da hitz-kontua, egintza-kontua baizik.

21. Zer nahi duzue? Ni zuengana zigorrarekin joatea ala maitasunez eta goxotasunez?