Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 14:5-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Nahi nuke zuek guztiok hizketa arrotzez mintzatzea; baina are nahiago profeta bezala mintzatzea. Zeren, eliz elkartea hazarazteko, hobe baita profeta bezala mintzatzea hizketa arrotzez mintzatzea baino, hizketa horren esanahia ere argitzen ez badu behintzat.

6. Begira, senideok: hizketa arrotzez hitz eginez aurkeztuko banintzaizue, zer on ekarriko lizueke horrek, nire hitzak ez balizue emango agerpenik, ez ezaguerarik, ez Jainkoarengandiko mezurik, ezta irakaspenik ere?

7. Gauza bera gertatzen da musika-tresnekin ere, txirula edota zitararekin, adibidez: notak argi eta garbi ematen ez badituzte, nola jakin zer jotzen duten?

8. Edota turutak soinu nahasia jotzen badu, nor prestatuko da gudurako?

9. Berdin zuek ere: hitz ulergarriak ez badituzue adierazten, nola jakin zer ari zareten esaten? Paretari hitz egiten ariko zinatekete.

10. Hainbeste eta hainbeste hizkuntza bada munduan eta denek dute zentzua.

11. Baina nik ez dakidan hizkuntzan mintzatzen bazait norbait, ni arrotz izango natzaio hari eta hura niri.

12. Horrela bada, Espirituaren dohainak irrikatzen dituzuenez gero, saia zaitezte dohainok ugari izaten, baina eliz elkarteari hazten laguntzeko.

13. Hizketa arrotzez mintzo denak, beraz, eska biezaio Jainkoari esaten duena argitzeko dohaina ere.

14. Hizketa arrotzez otoitz egiten badut, nire espiritua otoitzean ari da, bai, baina adimena fruiturik gabe gelditzen da.

15. Zer egin, bada? Espirituaren eraginez otoitz egin bai, baina adimenaz ere bai; Espirituaren eraginez Jaunari abestu bai, baina adimenaz ere bai.

Irakurri kapitulu osoa 1 Korintoarrei 14