Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 14:20-30 Elizen Arteko Biblia (EAB)

20. Senideok, ez izan haurren antzeko zeuen irizpideetan; gaitzerako bai, izan zaitezte haur; baina irizpideetan izan zaitezte pertsona helduak.

21. Honela dio Jaunak Liburu Santuan: Hizkuntza arrotzez, atzerritarren bidez hitz egingo diot herri honi; baina, hala ere, ez didate adituko.

22. Hizketa arrotzez mintzatzea, beraz, sinesgogorrentzat da seinale, ez sinestedunentzat; profeta bezala hitz egitea, berriz, ez da sinesgogorrentzat, sinestedunentzat baizik.

23. Eman dezagun, eliz elkarte osoa bildurik dagoela eta denak hizketa arrotzez mintzatzen hasten direla; entzule huts den edo kristau ez den bat sartzen bada, ez ote du esango burutik eginak zaudetela?

24. Guztiak profeta bezala mintzo badira, ordea, eta entzule huts den edota kristau ez den bat sartzen bada, bere erruak aitortzera eramango dute denen artean,

25. eta beraren bihotzeko ezkutukoak agerian geldituko dira. Orduan, ahuspeztu eta Jainkoa gurtu egingo du, eta esango: «Jainkoa benetan zuekin dago».

26. Zer egin, bada, senideok? Biltzen zaretenean, batek kantua egin dezala, besteak irakatsi edota goi-agerpen bat eman, hizketa arrotzez mintzatu edota mintzaira hori argitu; baina guztia elkarteari hazten laguntzeko izan dadila.

27. Hizketa arrotzez mintzatzekotan, bi izan daitezela edo hiru gehienez mintzo direnak, eta txandaka; eta argi dezala beste batek esanahia.

28. Esanahia argitzeko inor ez bada, hizketa arroztuna isil dadila batzarrean, eta Jainkoarekin eta bere buruarekin bakarrik mintza dadila.

29. Profeta bezala mintzo direnei dagokienez, mintza daitezela bi edo hiru, eta gainerakoek eman dezatela beren iritzia.

30. Hala ere, eseria dagoenen batek goi-agerpen bat hartuko balu, isil dadila hitz egiten ari dena.

Irakurri kapitulu osoa 1 Korintoarrei 14