Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 1:1-9 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Nik, Paulok , Jainkoak hala nahirik eta berak deiturik, Jesu Kristoren apostolu naizen honek, eta Sostenes anaiak

2. Korinton dagoen Jainkoaren eliz elkarteari idazten diogu. Jesu Kristok sagaratu zaituzte eta Jainkoak bere herri santu izateko deitu, edozein lekutan Jesu Kristo gure Jaunari dei egiten dioten guztiekin batera, hauek eta guk Jaun bat bera onartzen baitugu.

3. Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.

4. Eskerrak ematen dizkiot etengabe neure Jainkoari zuengatik, Jesu Kristoren bidez agertu dizuen onginahiagatik.

5. Izan ere, Kristoren bitartez, gauza guztietan aberats egin zaituzte, bai hitz egiteko eta bai ezagutzeko.

6. Kristori buruz egiten dugun aitormena zuen artean sendo finkatu denez,

7. ez da zuek ez duzuen dohainik, Jesu Kristo gure Jauna noiz agertuko den zain zaudeten bitartean.

8. Berak sendo iraunaraziko zaituzte azkeneraino, inork zuen aurka zeresanik izan ez dezan Jesu Kristo gure Jauna etorriko den egunean.

9. Leiala da Jainkoa, eta berak deitu zaituzte bere Seme Jesu Kristo gure Jaunarekin elkarturik bizitzera.

Irakurri kapitulu osoa 1 Korintoarrei 1