Itun Zaharra

Itun Berria

1 Joan 3:1-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Begira zer-nolako maitasuna izan digun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman baitigu, eta izan ere hala gara. Horregatik, mundukoek ez gaituzte ezagutzen, Aita ere ez baitute ezagutu.

2. Ene maiteok, dagoeneko Jainkoaren seme-alaba gara, baina oraindik ez da agertu izango garena. Badakigu, izango garen hori agertuko denean, Jainkoaren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko baitugu hura.

3. Harengan esperantza hau duen orok garbitu egiten du bere burua, Jesus garbia den bezala.

4. Bekatu egiten duen orok gaizki jokatzen du, bekatua gaiztakeria baita.

5. Eta badakizue bekatuak kentzeko agertu zela Kristo, eta harengan ez da bekaturik.

6. Harekin bat eginik dagoenak ez du gehiago bekaturik egiten. Bekatu egiten duenak hura ez duela ez ikusi, ez ezagutu, erakusten du.

7. Seme-alabatxook, ez zaitzatela inork engaina. Jainkoaren nahia egiten duena zuzena da, Kristo zuzena den bezalaxe.

8. Bekatu egiten duena, berriz, deabruarena da, hasieratik ari baita deabrua bekatu egiten. Hain zuzen, honetarako agertu zen Jainkoaren Semea, deabruaren egintzak deuseztatzeko.

9. Jainkoarengandik jaio denak ez du bekatu egiten jarraitzen, mezuaren hazia bere barruan baitu; ezin du gehiago bekaturik egin, Jainkoarengandik jaioa delako.

10. Honetan agertzen da zein den Jainkoaren seme-alaba eta zein deabruarena: Jainkoaren nahia egiten ez duena, hau da, bere senidea maite ez duena, ez da Jainkoaren seme-alaba.

11. Hauxe da hasieratik entzun duzuen mezua: elkar maita dezagula;

12. ez Kainek bezala, Gaiztoarena izanik, bere anaia Abel hil baitzuen. Eta zergatik hil zuen? Beraren egintzak gaiztoak zirelako eta anaiarenak zuzenak.

13. Ez harritu, senideok, mundukoek gorroto badizuete.

14. Guk badakigu heriotzatik bizira iragan garena, eta hau jakin, senideak maite ditugulako dakigu. Maite ez duena heriotzaren menpe dago.

Irakurri kapitulu osoa 1 Joan 3