Itun Zaharra

Itun Berria

1 Joan 2:1-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Seme-alabatxook, bekaturik egin ez dezazuen idazten dizuet hau. Baina, norbaitek bekatu egiten badu, badugu Laguntzailea Aitaren aurrean: zuzena den Jesu Kristo.

2. Hark bere burua eskaini zuen gure bekatuak barkatzeko, eta ez gureak bakarrik, baita mundu osoarenak ere.

3. Jainkoaren aginduak betetzen baditugu, ziur dakigu bera ezagutzen dugula.

4. «Ezagutzen dut Jainkoa» esan eta haren aginduak betetzen ez dituena gezurti da, eta egia ez du beregan.

5. Haren mezua onartzen duenarengan, berriz, Jainkoaren maitasuna bere betera iritsi da: horrela dakigu berarekin bat eginik gaudena.

6. Jainkoarekin bat eginda dagoela dioenak Jesusek jokatu zuen bezalaxe jokatu behar du.

7. Ene maiteok, ez dizuet agindu berririk adierazten, antzinakoa baizik, hasieratik izan duzuena. Entzun zenuten mezua da antzinako agindu hau.

8. Hala ere, adierazten dizuedan agindua berria da; hori egia dela Kristorengan eta zuengan agertzen da, desagertzen ari baita iluna eta argi egiten du jadanik egiazko argiak.

9. Argitan dagoela esan eta senideari gorroto diona ilunpetan dago oraindik.

10. Senidea maite duena argitan dago eta ez du ezerk eroraraziko.

11. Bere senideari gorroto diona, berriz, ilunpetan dago, ilunpetan dabil eta ez daki nora doan, ilunak itsutu egin baitizkio begiak

12. Zuei, seme-alabatxooi, diotsuet: Barkatu zaizkizue bekatuak Jesusen bitartez.

13. Zuei, gurasooi, diotsuet: Ezagutzen duzue hasieratik zen hura.Zuei, gazteoi, diotsuet: Garaitu duzue gaiztoa.

14. Zuei, seme-alaboi, diotsuet: Ezagutzen duzue Aita.Zuei, gurasooi, diotsuet: Ezagutzen duzue hasieratik zen hura.Zuei, gazteoi, diotsuet: Indartsu zarete eta Jainkoaren mezua zuengan tinko dago eta garaitu duzue gaiztoa.

15. Ez maitatu mundua, ezta munduko gauzak ere. Mundua maite duenak ez du bere baitan Aitarenganako maitasunik.

16. Izan ere, munduan dagoen guztia —grina txarrak, begietatik sartzen denaren gutizia eta aberastasunen harrokeria— ez dator Aitarengandik, mundutik baizik.

Irakurri kapitulu osoa 1 Joan 2