Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 9:11-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. bigarren hilaren hamalauko ilunabarrean ospatuko du. Belar mingotsez eta legamia gabeko ogiz lagundurik jango du bildotsa;

12. ez du ezer gordeko biharamunerako, ezta oparigaiaren hezurrik hautsiko ere. Ohikuneari zehatz-mehatz lotuz ospatuko du Pazkoa.

13. Baina, garbi egonik edo bidaian ez delarik, Pazkoa ospatu gabe uzten duena, bota egingo dute herritik. Ezarritako egunean Jaunari oparia eskaintzen ez dionak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu.

14. «Zuen artean bizi den etorkinak, Jaunaren ohorez Pazkoa ospatzen badu, Pazko-ohikune eta usadioak jarraituko ditu: ohikune bat bera izango duzue etorkinek eta bertakoek».

15. Egoitza eraiki zenean, egunez lainoak estaltzen zuen; arratsaldez su-itxura hartzen zuen lainoak egoitzaren gainean.

16. Honela gertatzen zen beti: egunez lainoak estaltzen zuen egoitza eta gauez su-itxura hartzen zuen.

17. Lainoa etxolaren gainetik aldentzen zenean, israeldarrak abiatu egiten ziren; lainoa gelditzen zenean, berriz, etxolatu.

18. Jaunaren agindura abiatzen ziren israeldarrak eta haren agindura etxolatzen. Lainoa egoitzaren gainean gelditua zegoen bitarte guztian, etxolatuak egoten ziren.

19. Lainoa egoitzaren gainean luzaro gelditzen bazen ere, israeldarrak, Jaunaren aginduari lotuz, ez ziren abiatzen.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 9