Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 7:5-85 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. «Ekarri dituzten opariok hartu elkarketa-etxolako zerbitzurako, eta eman lebitarrei, nori bere egitekoaren arabera behar duena».

6. Hartu zituen Moisesek gurdiak eta idiak eta lebitarrei banatu zizkien:

7. gerxondarrei bi gurdi eta lau idi, beren egitekoaren arabera;

8. meraritarrei lau gurdi eta zortzi idi, Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean bete behar zuten egitekoaren arabera;

9. kehatarrei, berriz, ez zien gurdirik, ez idirik eman, haien egitekoa gauza sakratuak bizkarrean eramatea baitzen.

10. Aldarea sagaratzeko egunean, familiaburuek aldarearen inaugurazioko opariak eraman zituzten eta aldare aurrean ezarri.

11. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Egun bakoitzean familiaburu desberdinak eramango du oparia aldarearen inauguraziorako».

12-83. Lehen egunean Aminadaben seme Nahxonek, Judaren leinukoak, eraman zuen oparia; bigarren egunean Tzuarren seme Netanelek, Isakarren leinukoak; hirugarren egunean Helonen seme Eliabek, Zabulonen leinukoak; laugarren egunean Xedeurren seme Elitzurrek, Rubenen leinukoak; bosgarren egunean Tzurixadairen seme Xelumielek, Simeonen leinukoak; seigarren egunean Deuelen seme Eliasafek, Gaden leinukoak; zazpigarren egunean Amihuden seme Elixamak, Efraimen leinukoak; zortzigarren egunean Pedahtzurren seme Gamelielek, Manasesen leinukoak; bederatzigarren egunean Gideoniren seme Abidanek, Benjaminen leinukoak; hamargarren egunean Amixadairen seme Ahiezerrek, Danen leinukoak; hamaikagarren egunean Okranen seme Pagielek, Axerren leinukoak; hamabigarren egunean Enanen seme Ahirak, Neftaliren leinukoak.Eta hona familiaburu bakoitzak eraman zituen opariak: zilarrezko kilo eta erdi inguruko azpila eta 800 gramo inguruko isipu-ontzia —santutegiko pisu-neurriaren arabera—, biak olioz oraturiko irin garbiz beteak labore-oparitarako; baita urrezko 110 gramo inguruko erretilua ere, intsentsuz betea; zekor bat, ahari bat eta urtebeteko bildots bat erre-oparitarako, aker bat barkamen-oparitarako eta bi zekor, bost ahari, bost aker eta urtebeteko bost bildots elkartasun-oparitarako.

84. Beraz, Israelgo familiaburuek honako opariok eskaini zituzten, aldarea sagaratu zen egunean: zilarrezko hamabi azpil, zilarrezko hamabi isipu-ontzi eta urrezko hamabi erretilu.

85. Zilarrezko azpil bakoitza kilo eta erdi inguru zen eta isipu-ontzi bakoitza 800 gramo inguru. Azpil eta isipu-ontzien zilarra, guztira, hogeita zazpi kilo eta erdi izan zen gutxi gorabehera, santutegiko pisu-neurriaren arabera.

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 7